Zenbait urtetatik hona sarri entzuten dugun kontzeptua da zaurgarritasuna. Gaur gaurkoz, diskurtso politikoetan pertsona zaurgarriez aritzea ohikoa da. Seguru nago nik ere inoiz erabili dudala berba hori Bizilan.eus webgunean, eskubide laboralak eta prestazio sozialak azaltzeko. Izan ere, buletin ofizial, lege eta arautegietan hitz arrunt bihurtu da, prestazio ekonomiko baterako eskubidea nork daukan eta nork ez ebazterako orduan.
Baina, zer da zaurgarritasuna? Ondo pentsatzen badugu, denok gara zaurgarriak. Fisikoki, psikologikoki edo emozionalki, denok izan gaitezke zaurituak. Zaurgarritasuna ez da pertsona gutxi batzuen berezko ezaugarria; balizko zauria gure inguruko baldintza material eta pertsonalek sorrarazten digute.
Terminoari gaur egun ematen zaion erabilera, edozein kasutan, pertsonen egoera sozial eta ekonomikoarekin lotuta dago. Eta egia da hainbat talde arrisku handiagoan bizi direla. Baina afera ondo aztertzen badugu, aldagai bi aurkituko ditugu ezinbestean horien guztien atzean: bazterketa soziala eta diskriminazioa.
Zaurgarri terminoa erosoa da, esan bezala, pentsamendua pertsona horien balizko ezaugarri baterantz eramaten duelako. Pertsona edo talde batzuen balizko nolakotasuna markatzen du, baina egoera sozial eta ekonomikoa ez da inoren nolakotasuna, baizik eta aipatutako bazterketa sozialaren eta diskriminazioaren ondorioa. Zaurgarritasuna deitzen den hori sistema sozial eta ekonomiko injustu honen emaitza baino ez da.
Zaurgarritasuna ez da pertsona gutxi batzuen berezko ezaugarria; balizko zauria gure inguruko baldintza material eta pertsonalek sorrarazten digute
Ez dut ukatuko: aldatu ezinezko pertsonen nolakotasun pertsonalek ere zeharkatzen dute egoera hau, hala nola arrazak edo jatorriak. Hori dela eta, bazterketa sozialaz gain, diskriminazioa ere presente izan behar dugu. Hala ere, diskurtso politiko-administratiboa zaurgarritasunaz aritzen denean, diru-sarrerez eta ondasun materialez hitz egin ohi du, eta horretara murriztu ohi da. Laburbilduz, zaurgarri esaten da, pobre ez esatearren.
Aurreko batean, Bartzelonako Casa Orsola etxebizitza sozialaren aferaz komunikabideetan azalpenak eta lezioak ematen dituen ekonomista ezagun batek –mihigaiztoek diotenez, hainbat ondare higiezin dituenak– honelaxe bota zuen: pertsona zaurgarriak baietz, horiek kontuan hartu eta zaindu behar direla, baina, horren segidan, etxea ez galtzeko borrokan zebilen maizter bati “pijo-progre” deitu zion. “Pijo-progre” zergatik? Funts putre baten kontra borrokatzeagatik eta hogei urte luzez bere etxea izandakoa indarrez ken ez ziezaioten ahalegintzeagatik? “Pijo-progre”, txirotasun betean ez bizitzeagatik? Irakaslea bazara eta soldata duina kobratzen baduzu, gizon horren kasuan bezala, ez omen duzu merezi espekulatzaileen lukurreriaren eta abusuen kontrako babesik.
Zaurgarritasunaren diskurtsoak, kolpe batez, justizia soziala ezaba dezake. Gehiegikeriez elikatzen den sistema sozial eta ekonomikoa ekuaziotik kendu eta batek-daki-zergatik-baina-suerte-oso-oso-txarra izan duten horiek baino ez ditu arbelean uzten. Geure buruari ez diogu galdetzen, halako aferetan, zer den justua eta zer ez, jendarteak zer onartu behar duen eta zer ez. Eta, horren ordez, zaurgarrien “zaintza” kokatzen dugu. Eta zaurgarrien zaintza hori, justizia sozialaren ikuspegirik gabe, limosna eta karitate bihurtzen da. Azken batez, sistema osoa horrantz doa, Amancio Ortega eta Juan Roig bezalakoen dohaintzak barne.
Tamalez, ezkerrak ere zaurgarritasunaren markoa erosi du. Sistema injustu honek atzean uzten dituenak zaintzera bideratzen diren neurri eta partxeekin konformatzen gara. Eta gero eta lausotuago ikusten da jendea atzean uzten duen sistema bera dela etsai onartezina.