argia.eus
INPRIMATU
Nagusitasun absolutua
Montserrat Auzmendi del Solar 2025eko maiatzaren 04a
Argazkia: E. Moreno Esquibel

Amartuvshin Enkhbat baritonoa

Pianoan: Stefano Salvatori.
Antolatzailea: OLBE.
Zer: Verdi, Mascagni, Leoncavallo eta Giordanoren operen ariak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: martxoaren 29an.

--------------------------------------------------------

Bagenekien ez zigula huts egingo, aurreko denboraldian aho zabalik utzi gintuelako Rigoletto operan. Baina, agian, gure aurreikuspenak gainditu zituen, alderdi teknikoan behintzat.

Amartuvshin Enkhbat baritono mongoliarra noizean behin sortzen den naturaren indar horietako bat da. Ez da su motelean prestatutako talentu bat, hobekuntza-pauso askoren bidez prestatutako izarra. Ahots-geiser bat da, ahots eramangarri eta naturala. Ez da harritzekoa iaz Ettore Bastianini saria jaso izana, gaur egun baritono-ahotserako sari garrantzitsuenetako bat.
Bere ahotsa zirraragarria da, indartsua, iluntasun izugarri liluragarria duena... Baritono absolutua da, benetan. Agian aitzakia bat jar dakioke: kantuari une batzuetan heltzen dion nolabaiteko adierazkortasunik eza, alegia. Hori nahiko nabaria izan zen Enkhbatek interpretatu zituen lehenengo bi erromantzeetan, Verdirenak, noski, konpositore honi eskaini baitzion bere errezitaldiaren zati handi bat. Brindisi eta L'esule abestietan bere ahots zoragarria erakutsi zuen, baina interpretazioak une mekaniko samarrak izan zituen, nolabait esatearren.

Hala ere, errezitaldiak aurrera egin ahala, bere ñabarduren aberastasuna, bere kantuaren dotoretasuna eta ariarik konplikatuenak kantatzeko duen erraztasun ikaragarria gero eta gehiago antzeman ahal izan ziren.

Stefano Salvatori pianistak Verdiren Romance sans paroles delikatu bat jo ondoren, Enkhbatek Il trovatore, La traviata eta Un ballo in maschera operen hiru ariekin jarraitu zuen, eta horietan verdiano perfektua dela frogatu zuen.

Errezitaldiaren bigarren zatian, baritonoak Verdiri egindako omenaldi bereziarekin jarraitu zuen. Aldi honetan, Perfidi, all'Anglo... Pietà, rispetto, onore aria, Macbeth operakoa, nabarmendu beharko genuke. Aria honetan, abeslari erraldoi honek bere kapazitate guztiak bota zituen, ñabarduren barietatea eta ahots dotorezia erakutsi zituen nota bakoitzean.

Baina Enkhbatek beste konpositore batzuekin ere gozatu gintuen: Leoncavalloren Si può?..., Pagliacci operakoa, interpretatu zuen, benetako harribitxia. Eta ahots boterezko alardea egin zuen Umberto Giordanoren Andrea Chénier-en Nemico della patria-n, publikoa liluratuz. Maitemintzen duen ahots bat da, bene-benetan.