Errepikatu nirekin: Sara Millerey. Ez dezagun ahaztu bere izena. Transfeminizidioaren biktima da Millerey: gorrototzaile transmisogino batek torturatu zuen, besoak moztu zizkion eta bizirik bota zuen ibaiertz batera. Bi orduko agoniaren ondoren hil zen.
Errazagoa da J.K. Rowlingen izena gogoratzea. Apirilaren 16an bere sare sozialetan ospatu zuen Harry Potter sagarekin irabazitako dirutzarekin babestutako kanpainaren garaipena: Erresuma Batuko feminista transgorrotatzaileen helegite baten ondorioz, Auzitegi Gorenak ebatsi du emakume transak genero berdintasun legeetatik baztertzea. Rowlingek purua eta whiskia eskuan, yate batean posatzen ospatu zuen bere garaipena sare sozialetan.
Bi hilabete lehenago zabaldu zuen Donald Trumpen argazki bat: emakume eta neskatila normatiboez inguratuta ospatu zuen emakume transak kirol profesionaletik baztertzeko egitasmoa. Pasa den udan, Melonik eta Mileik hedatu zuten Imane Khelif boxeolaria transexuala denaren buloa.
Ez da botere ultraeskuindarrek feminismoaren korronte erreakzionario batekin bat egiten duten lehen aldia. Ronald Reaganen garaian ere, Estatu Batuetako feminista abolizionistek gobernu eskuindarrarekin aliatu ziren prostituzioaren eta pornografiaren kontra egiteko. Bidean, isilarazi zituzten sexu langileen aldeko feministak. Biziki gomendatzen dizuet Gayle Rubin irakurtzea, bera izan zen hain zuzen ere erasoaldi horretan “kantzelatua” izan zen pentsalari feministetariko bat, LGTBIQA+ eta BDSM komunitateetakoa, portzierto.
Ez da fenomeno berria, ez, ultraeskuinak eta eraldatzailea izan nahi duen mugimendu sozial baten barruko elite baten artean mamu bera elikatzea. Egun, konbentzitu nahi gaituzte Millerey bezalako lagunak direla gure eskubideen etsaiak, eta ez Trump bera bezalako gizon erasotzaile zigorgabeak edo Rowling bezalako emakume pribilegiatu ankerrak.
Ez diezaiogun euskal oasiaren iruzurrari eutsi. Zenbait euskal hedabidetan espazioak dituzte euskal feminista transgorrotatzaileek, hedabide digital euskaldunetan eta irrati libreetan barne, eztabaida konplexua delakoan.
Ez da hain konplexua. Argi daukagu sionismoa dela gaur egungo nazismoa. Bada, ez ahaztu naziek, judu, komunista eta ijitoez gain, LGTBIQA+ komunitatea zutela jomugan. Rowling eta Millereyren artean erraza izan behar luke argi izatea nor den zapaltzailea eta nor zapaldua.