Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak Frankenhausenen zapaltzeko; 5.000 nekazari inguru hil zituzten. Eta maiatzaren 22an Lorenako dukeak alsaziar matxinatuak garaitu zituen.
Aurreko hilabeteetan Habsburgotarren armada –inperioko printze eta nobleen babesaz– Italian zegoen, frantziarren aurkako gerran. Baina udaberri hartan etxe barruko gerra itzaltzeari ekin zioten, baita bortizki lortu ere. Uztailerako 1924an piztutako Alemaniar Nekazarien Gerra amaitua zen: 100.000-130.000 nekazari hilda lortu zuten garaipena.
Historiografiak, tradizionalki, gatazka ekonomiko nahiz erlijiosotzat jo izan dute gerra hura, nekazari katoliko eta noble protestanteen arteko bereizketa garbia eginda. Martin Luterok 1525eko apirilean bat egin zuen nekazarien kausarekin, printzeen gehiegikeriak salatuz. Maiatzaren hasieran, ordea, aurkako bandora egin zuen jauzi, nekazari matxinatuen indarkeria aitzakia hartuta; erreforma protestanteak bidea egingo bazuen agintarien babesa behar zuela ulertu zuen.
XV. mendearen bigarren erdian, nobleek zerga berriak ezarri zizkieten herritarrei. Presio horrek eragin zuten agintari zibil nahiz erlijiosoen aurka egitea
XV. mendearen bigarren erdian, nobleek zerga berriak ezarri zizkieten herritarrei. Presio horrek eragin zuten agintari zibil nahiz erlijiosoen aurka egitea.Altxamendua inperio osora zabaldu zen eta meatzariek nahiz hirietako artisauek bat egin zuten nekazariekin.
Mugimendua hedatzea indargunea zirudien arren, kohesio faltak ahuldadea eragin zuen azkenean. Baina antolatzeko ahaleginak ere egin zituzten. Esaterako, Baltringeneko matxinatuek Hamabi Artikuluak izeneko eskakizun zerrenda osatu eta 25.000 zabaldu zituzten. Eskakizunetan, gainera, inflexio puntu bat geratu zen agerian: hasieran, nekazariek “antzinako moduetara” itzultzea eskatzen zuten, azken hamarkadatako neurriak atzera bota zitzaten. Baina “Jainkozko legea” ezartzeko eskatzen hasi ziren gero.
Kutsu erlijiosoaren eta ebanjelioen erreferentzien atzean, ordena berri bat ezartzeko beharra zegoen, Antzinako Errejimenarekin hausteko nahia. Frantziako Iraultza baino bi mende eta erdi lehenago, Alemaniako nekazariak iraultza egiten ahalegindu ziren.
Karl Marxek esan zuen “alemaniar historiako gertakizunik erradikalena” izan zela. Friedrich Engelsek, aldiz, “alemaniar herriak sekula egin duen ahalegin iraultzaile ikusgarriena” deitu zion. Baina duela 500 urte ere, gatazka betean, baziren iraultzaren izaeraz jabetu zirenak. Johannes Stumpf (1500-1578) kronikari suitzarrak zera idatzi zuen: “1525 honetan isuri den odolak nahikoa izan beharko luke tirano guztiak itotzeko”.