argia.eus
INPRIMATU
Herriaren bihotza zabaltzeko giltza
Amaia Alvarez Uria 2025eko maiatzaren 05

Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa
Amancay Gaztañaga
Elkar, 2024

-----------------------------------------------------

Amancay Gaztañagak Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa kaleratu du Alain Martinezen ilustrazioek lagunduta. Trilogia baten lehen alea da hau; bigarrena Martin Martina eta sorginen batzarra da, jada kalean dena. Hirugarrena, ordea, irailean aterako da: Martin Martina eta Gauekoak.

Protagonista Martin Martina da, 13 urteko intersexuala. Gazteentzako nobela hau fantasia eta abentura generoen artean dabil. Gainera, Itxaro Bordaren nobela beltzen bidetik, mezu ekologista eta feministak ditu (oso eskertzekoa bizi dugun garaiaren lurrarekiko eta komunitatearekiko deskonexioaren aurrean).

Institutuan grafitti bat agertuko da; protagonistak egina. Ikastetxeko zuzendariak eta aitak erabakiko dute herrira bidaltzea zigortuta. Herrira heltzean bertan seko aspertuko dela uste du MMk, baina berehala konturatuko da eguneko argiak gordetzen dituztenak badirela, eta haien atzetik abiatuko da.

Narratzaile orojakileak kontatuko dizkio zuzenean irakurleari “egiazko gertakariak” izan direnak, tarteka iruzkinak egiten dizkiola. Ahozko transmisioa presente dago lan honetan, “amak txikitan kontatutako ipuinak” aipatzen dira, horietan gordetzen den jakituria eta bizi-ikuskera ahanzturatik berreskuratzeko.  

Izan ere, mitologia eta naturarekin lotutako sinesmenak nabarmenduko dira eta MMk lagunekin deskubrituko du aipatutako mundu ezkutua. Gaztelua, basoa eta kobazuloa dituen herri batera joango da, aitona-amonen etxera, eta bertan lurpeko eremua ezagutuko du (Jon Mentxakatorreren doktore-tesiko izendapena izaki mitologikoen munduarentzat).

Gaztañagak 2021ean Susa argitaletxearen eta EHAZEren Ganbila bilduman argitaratu zuen 39 lore antzezlana. Bertan, helduentzat proposatu zuen mitologia klasikotik hartutako arketipo femeninoekin hausnarketa egitea eta oraingoan antzeko ariketa bat egin du gazteentzat euskal mitoen bidez.

Misterio batzuk argitu gabe geratuko dira lehen liburu honetan, eta bildumako hurrengo aleetara jo beharko du irakurleak horiek askatu ahal izateko.

Gazteek irakurtzeko ohitura landu dezaten oso gomendagarriak dira horrelako bildumak. Era berean, belaunaldiak elkarrizketan jartzeko proposamen ederra da, herriaren bihotza zabaltzeko giltza.