argia.eus
INPRIMATU
Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada
  • Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera. ARGIAk Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentearekin, Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.a eta Joseba Ostolaza entrenatzaileekin, eta Lierni Osa harri-jasotzailearekin hitz egin du harri-jasotzeak bizi duen momentua ezagutzeko.

Julen Ugartemendia Carcedo 2025eko apirilaren 30
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Kirol nagusienek eta ezagunenek kirolari kopuru handiena hartzen duten bitartean, herri kirolek bere lekua izaten jarraitzen dute. Horien artean harri-jasotzea aldaketa nabaria bizitzen ari da. Harria jasotzeak historiaurrean ditu aztarnak, eta duela mende bat baino lehenagotik kirol diziplina da, zeinak Euskal Herrian bere tokia duen. Azken urteetan piztualdia izan du eta orain arte esparru horretan ikusi ez diren profilak gerturatzen hasi dira, batez ere emakumeak. Gipuzkoan, Aiako Santio Erreka auzoan, Joseba Ostolaza Harri Eskolan egon da ARGIA, baita Zarauzko kiroldegian dagoen Izeta Harri Eskolan ere. Harri-jasotzearen gorakadaren faktoreak zeintzuk izan diren xehatu dute.

Kirolak gora egin duela “garbi” nabaritu du Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentea den eta Joseba Ostolaza Harri Eskolan lanean ari den Ainhoa Etxabek (Orio, 1973), orain dela urte gutxi “txapelketak desagertzeko zorian egon ziren", dio. Etxabek, Ostolazaren emazteak, harri eskoletan kokatu du piztualdiaren giltzetako bat. Bateko eta besteko harri-jasotzaileek beti egin dituzte entrenatzaile lanak, baina eskolen bidez berriei irakasteari garrantzi handia ematen dio, bestela “oso zaila da herri kiroletan aritzea". Harriak, aizkorak, egurra... alegia, norbere kabuz aritzeko ez direla herri kirolak, batzuk behintzat. Harri-jasotzeari dagokionez, Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.ak (Aia, 1967) eta Joseba Ostolazak (Zestoa, 1973), harria jasotzeari utzi ondoren, argi izan zuten etorkizuneko harri-jasotzaileak trebatu nahi zituztela, eta harri eskolak zabaldu zituzten 2013an eta 2015ean, hurrenez hurren. Bi horiez gain, Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere aurki daitezke beste zenbait zentro, esaterako Ogikiñe Harri Eskola Getxon, Arabako Harri Eskola Gasteizen, Sakanako Harri Jasotze Eskola Irurtzunen, eta Bilboko Txurdinaga auzoan irekiko duten herri kirol zentroa. Etxabek honela azaldu du zer eskaintzen duen eskola batek: “Harri-jasotzaile erreferenteak daude, materiala uzten diete ikasten hasi nahi dutenei, eta harri-jasotzearen teknika ere bai”.

Ainhoa Etxabe, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentea: “Atea ireki zaien momentutik, emakumeak harria jasotzen hasi dira. Egun, errazagoa da emakumeen txapelketak antolatzea gizonenak baino”

Sare sozialak eta ‘crossfit’, faktore garrantzitsuak
Elkarrizketatutako guztiek bat egin dute sare sozialek eta crossfitak –hainbat kirol diziplina batzen dituen entrenamendu-metodoa– garrantzi handia izan dutela jendea harria jasotzera erakartzeko, eta batez ere emakumeak hurbiltzeko. Joseba Ostolaza eta Izeta harri eskoletan aipatu digute 2020. urtetik aurrera harria jasotzera emakume gehiago animatu direla. Etxabek adierazi du 2020an Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioko presidentetza hartu eta aurreneko astean egin zuen lehen lana sare sozialetako profilak sortzea izan zela: "Garbi neukan jende gaztea gerturatzeko beraiek ibiltzen ziren tokian egon behar zela, eta sare sozialetan bazebiltzan”.

Etxabek berak, urte berean, Joseba Ostolaza Harri Eskolako sare sozialetatik, bideo labur baten bitartez, deialdia egin zuen emakumeak harria jasotzen probatzera hurbildu zitezen. Lau emakume hasi ziren entrenatzen, eta Izeta II.ak gonbidatutako beste emakume batzuekin batera, zortzi emakumeko txapelketak egiten hasi ziren.

Izeta II.aren harri eskolan crossfit-eko jendearen etorrera antzeman dute. 2021ean, Zarauzko Bi Harri Txapelketan lehenengo aldiz emakumeek parte hartu zezaten lan egin zuen aiarrak. Txapelketa horretan parte hartu zuten emakumeen artean egon zen Lierni Osa (Zarautz, 1995). Crossfit egiten du eta Andoni Iruretagoiena adiskideak, Izeta II.aren ilobak, egin zion bultza harri-jasotzera. Gaur egun Izeta Harri Eskolan jarraitzen du Osak, eta crossfit-ak harri-jasotzerako duen garrantzia azpimarratu du: “Harri eskolan gauden emakume gehienak crossfit-etik etorri gara, eta crossfit-etik etorri ez direnek orain egiten dute”. Izetak nabarmendu du eskubaloitik harria jasotzera pasa direla beste zenbait emakume.

Ez da kasualitatea crossfitzaleak harri eskoletara gerturatzea. Etxabe eta bere taldea federazioan sartu zirenean (senar duen Ostolaza presidenteordea da), zenbait crossfit zentro bisitatu zituzten, erabiltzaileek harri-jasotzea probatzeko, eta ahoz ahokoaren bidez jende gehiago animatu dela diote.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ostolazak azaldu du iraganean harri-jasotzaileak gehienbat baserritarrak zirela, eta indartsuak. Orain, crossfit-ean gorputza landutakoak datoz eta behar dutena da harria jasotzen ikastea, teknika. Zestoarrak dioenez, hainbat kasutan harri-jasotzaile batzuek baino altuera eta pisu txikiagoa duten zenbait pertsonak pisu handiagoa altxatzen dute, eta emaitza horiek lortzeko teknikak duen garrantzia azpimarratu du. Etxabek haien alaba Udane Ostolaza jarri du adibide eta eredutzat: “Udanek zenbait estereotipo apurtu ditu. Ez da baserritarra, eta nolabait esan, femeninotzat hartzen diren jokaerak ditu; adibidez, txalekoak berak diseinatzea gustatzen zaio. Bestalde, txikia da. Udane moduan, profil oso ezberdinetako jendea hasi den heinean, uste dut jendea errazago ausartu dela gerturatzera”. Udane 7 urte zituenean hasi zen harria jasotzen, eta bere pisuaren bikoitza jaso duen lehen emakumea izan da, 59,6 kilo zela 122 kiloko harria altxatu zuen.

Bi harri eskoletan astean bitan egiten dituzte entrenamenduak, gehiago ez delako gomendagarria, baina harri eskolatik kanpo ariketa gehigarria egitearen garrantzia azpimarratu dute elkarrizketatuek. Lierni Osak adierazi du harri pisutsu bat jasotzeaz haratago doan kirola dela, eta harria jasotzeko indarra izateaz gain, erresistentzia asko lantzen dela, ahalik eta errepikapen gehien egiteko. Izeta II.ak nabarmendu du bakarkako kirola izanda, harri-jasotzaileak zorrotza izan behar duela, eta asteko zazpi egunetan entrenatu behar duela, egun bat atseden hartzeko aukerarekin, baina astean bitan entrenatzea ez dela nahikoa sasoian egoteko. Horretarako crossfit-ak asko laguntzen duela adierazi du, eta Ostolazak ere azpimarratu du batzuetan berak gomendatzen diela eskolako kirolariei crossfit egitea. Beraz, bi norabidetan ari dira, crossfit-ekoak harria jasotzera gerturatu dira eta harri-jasotzaileek crossfit-a darabilte haien entrenamenduak osatzeko.

Sare sozialez eta crossfit-az gain, Izeta II.ak azaldu du telebista faktore garrantzitsua izan dela harri-jasotzea bultzatzeko. Esan du COVID-19aren garaian herri kirolak asko eman zirela telebistan, eta orain ere hala jarraitzen dutela. Etxabek ere azpimarratu du azken aldian telebista “asko” laguntzen ari dela, eta EITB herri kirolen aldeko “apustu garrantzitsua” egiten ari dela.
Horren lekuko da bukatu berri den Harri Herri harri-jasotzeko txapelketa. Bereziki telebistaz emateko prestatutako saioa izan da, bost saiotan grabatua. Harri Herri programaren hirugarren edizioa izan da. ETB1-en hamasei gizonezko eta hamasei emakumezko aritu dira harri-jasotzen.

Joseba Ostolaza, entrenatzailea: “Etorkizun hurbilean entrenatzaile emakumeak ere izango dira”

Harrien pisua murriztu emakumeak erakartzeko
Emakumeak harria jasotzera eta txapelketetan parte hartzera animatzeko, federazioan erabaki zuten txapelketetarako lehendik ezarrita zeuden harrien pisuak murriztea. Emakumeekin bildu ziren erabaki hori hartzeko, eta Etxaberen ustez, horrek txapelketetan emakume gehiagok parte hartzea ekarri zuen: “Pentsatu genuen pisuak murriztuta emakumeak erakarri genitzakeela, gero horiek hobekuntza izango zutela, eta harri astunagoak jasotzeko garaia etorriko zela”. Izeta II.ak ere antzeko iritzia eman du. Bere ustez, harriak arinduta emakume gehiago animatu dira, arinagoak jasoz kirolean gehiago iraungo dute, eta ikusteko politagoa da. Aiarra, beraz, oraingoz harrien pisua mantentzearen aldekoa da, emakumeek gaur egun dituzten txapelketa eta erakustaldiak asko direla dio-eta.

Emakumeak ohikotasunez harria jasotzen 2020tik hona ari direla esan dute bi harri eskoletan. Jasotzen bai, baina emakume entrenatzailerik, oraindik ofizialki ez dago. Hala ere, aurtengo Harri Herri telebista saioan lehen aldiz emakumeen taldeetako kapitainak emakumeak izan dira. Oriotarrak azpimarratu du Joseba Ostolaza Harri Eskolan nahiz eta Idoia Etxeberriarekin nolabaiteko esperientzia izan, gizonaren ikuspuntutik emakumea harria jasotzen entrenatzea ez dela erraza: “Entrenatzaile gizonezkoek mutilekin dute esperientzia gehien eta emakumearen gorputza ez da berdina. Emakumeek hilekoa izaten dute, egunean eguneko gorabeherak ez dira berdinak, eta emakume bat ondo entrenatzeko noiz dagoen ondo jakin behar da”. Izeta II.ak ere aipatu du emakumeen muskulatura eta metabolismoa ez direla gizonen berdinak. Ostolazak dio entrenatzaileak esperientzia-urteak behar dituela, eta etorkizun hurbilean entrenatzaile emakumeak ere izango direla.

Entrenatzaileen alorrean dagoen hutsunea ahaztu gabe, Etxabek azken bost urteetan emakumeek harri-jasotzen egindako ibilbidea azpimarratu du. Harri Herri telebista saioan bertan, lehen ediziotik aurtengora “izugarrizko bilakaera” izan dela nabarmendu du, eta emaitzak espero baino “dezente azkarrago” ikusten ari direla. “Teknika ikasten eta entrenatzen ari diren heinean, markak hobetzen ari dira”, adierazi du. Horrez gain, esan du atea ireki zaien momentutik, emakumeak harria jasotzen hasi direla. Are gehiago, bi harri eskoletako kideek aipatu dute gaur egun errazagoa dela emakumeen txapelketak antolatzea gizonenak baino.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Elkarrekin entrenatu, eta elkarren aurka lehiatu
Gaur egun Joseba Ostolaza Harri Eskolara ohikotasunez hamabost pertsona inguru joaten dira, eta Izeta Harri Eskolan hogei pertsona inguruk entrenatzen dute. Eskola zaharreko harri-jasotzaileekin alderatuta, entrenatzeko modua asko aldatu da; izan ere, txapelketetan elkarren aurka lehiatzen duten hainbat harri-jasotzailek batera entrenatzen dute, eta beraz, txapelketara joaterako elkarren marken jakitun izaten dira. Ostolazak eta Izeta II.ak harria jasotzen zuten garaiko sekretismotik aldentzen dira, nahiz eta mantentzen den harri eskolen artean. Lierni Osak dio harri eskola bereko harri-jasotzaileek elkarren aurka lehiatzea ondo eramaten dutela, eta talde sentimendua dagoela: “Denok irabazi nahi dugu, kirol guztietan bezala, baina taldekide batek irabazten duenean poztu egiten gara”.

Etxabek nabarmendu du nahiz eta plazan elkarren aurka lehiatu, azken finean, lagunak direla. Hala ere, komentatu du elkarren artean zirikatzen direla eta hori ere motibazio puntu bat dela. Sekretismoa ez bada iraganean bezainbestekoa ere, Ostolaza eta Izeta II.a ez dira entrenamenduak grabatzearen eta sare sozialetan zabaltzearen oso aldekoak, beste eskoletako aurkariei pistak eman diezazkietelako. “Berriak ez dira konturatzen, baina bizpahiru jasoaldi ikusita kalkula daiteke pertsona batek zer erritmo duen edo zenbat jasoaldi egin ditzakeen. Horrek informazio asko ematen du”, adierazi du Ostolazak. Txantxa giroan beti ere, senar-emazteen begiradak gurutzatu egin dira gai hau atera denean. Etxabek esan baitu federazioan sartu eta lehenengo asmoetako bat sare sozialak astintzea izan zela, eta Ostolazari, entrenatzaile izaki, ez dio grazia handirik egiten kirolariak telefono mugikorrez entrenamenduak grabatzen ikusten dituenean, bai baitaki non bukatuko duten grabazio horiek.

Izeta II.a, entrenatzailea: “Telebista faktore garrantzitsua izan da. COVID-19aren garaian herri kirolak asko eman ziren telebistan, eta orain ere hala jarraitzen dute”

Gorakada izan bada ere, hutsuneak eta mugak badira
Ostolazak eta Izeta II.ak haien harri eskoletan borondatez egiten dute lan, ez dira entrenatzaile profesionalak, eta eskariak gora egiten badu ere, ezin dute gehiago eskaini. Halakoa da egoera; herri kirolak, beste kirol askorekin alderatuta, kirol minoritarioak eta bertakoak baino ez direnez, jende guztiarengana iristeko eragozpenak handiak dira.

Etxabek aizkoraren adibide bat aipatu du: garai batean aizkora egin nahi zutenak Leitzara bidaltzen zituzten, Gabriel Saralegi zelako entrenatzaile, baina berak ere borondatez lan egiten duenez, eta jende kopuru mugatua onar dezakeenez, eskatu zuen jende gehiago ez bidaltzeko. Etxabek adierazi du momentu honetan aizkoran egiteko asmoa duenak aukera oso mugatuak dituela. Baliabide mugatuen ondorioz, Ostolaza eskolan ere gertatu zaie ezetz esan behar izana behin baino gehiagotan.
Etxabek mugak aipatzerakoan, federazioaren ikuspegitik hitz egin du. Berak eta bere taldeak joan den urrian utzi behar zion Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren gidaritzari, baina lege aldaketa bat tarteko hauteskundeak atzeratu zituzten joan berri den apiril bukaerara. Badakite ordezko taldea aurkitzea zaila izaten dela. Borondatezko lana da eta "lana ondo egin nahi bada, ahalegin eta sakrifizio handia eskatzen du".

Hainbat pertsona entrenatzaile titulua eskuratzeko izaten ari diren oztopoek ere, jende guztiarengana iristeko zailtasunean zerikusia du. Hainbat entrenatzailek ez dute ezarritako gutxieneko ikasketa mailarik, titulua atera ahal izateko. Etxabek adierazi du borrokan ari direla horientzat salbuespen bat egiteko, horiek direlako “momentu honetan gehien dakitenak” harri-jasotzearen inguruan. “Agian titulu homologatua ezin zaie eman, baina beharbada federazioko entrenatzaile titulua bai, federazioak egindako salbuespen moduan. Beste kiroletan bezala funtzionatu nahi dute, baina herri kirolak ez gara beste kirolak bezalakoak, ezberdinak gara onerako eta txarrerako”, adierazi du.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Beasaingo ahalegina
Duela hamar urte Beasainen (Gipuzkoa) sortutako herri kirol teknifikazio zentroaz hitz egin digute Etxabek eta Ostolazak, eta aipatu dute Eusko Jaurlaritzak hura irekitzeko diru asko gastatu zuela eta ez zuela arrakastarik izan. Eusko Jaurlaritza, duela 25 urte inguru, herri kirolen egoeraz ikerketa bat egiten ari zen eta zenbait pertsonarekin jarri zen harremanetan. Ostolazak adierazi du Eusko Jaurlaritzak zabaldutako inkestan beraiek erantzun zutela herri kirolek ikastetxeetan egon behar zutela eskola kirolean “jolas bezala” aritzeko, eta eskola kirola bukatu ondoren, beste kiroletan bezala, eskolak egon behar zirela. Ostolazak aipatu du duela 25 urte inguru proposatutako bi gauza horiek gaur egun egiten ari direla. Etxabek azpimarratu du Beasaingo zentroan baliabide ekonomikoak eta materiala egon arren, hura aurrera eramateko jende espezializatua falta zela. Gaur egun, beren kabuz sortutako eskoletan dauden entrenatzaileei, Etxabek dioen moduan "momentu honetan gehien dakitenak", titulua edukitzeko bidea erraztuko balitzaie, jende espezializatua edukitzea samurragoa izango litzateke.

Etorkizuneko erronkei dagokionez, Etxabek nabarmendu du gustatuko litzaiokeela harri-jasotzea edonorentzat eskuragarri egotea. Kirolariek entrenatzeko egin beharreko kilometro kopurua izan du hizpide. Gogoratu dezagun Gipuzkoako bi harri eskola garrantzitsuenak, bata Zarautzen eta bestea Aian, sei kilometroko tartean daudela. Aiakora, batez ere, Oriotik eta Zarauztik joaten diren arren, Oñatitik, Oiartzundik eta Azkoititik ere heltzen dira zenbait kirolari. Estefania Etxebeste, adibidez, Iturendik (Nafarroa) joaten da. Federazioko presidenteak uste du kirolariak trebatzen doazen heinean, entrenatzaileak ere ugalduko direla  eta jende gehiago hartzeko aukera egongo dela.

Izeta Harri Eskola Zarautzen dago,  eta nahiz eta gehienak zarauztarrak izan, Alegiatik (Gipuzkoa) eta Mallabitik (Bizkaia) doazen harri-jasotzaileak ere badira. 

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA