Posible da, nonbait, zoriontasuna neurtzea. Are, bada horretan tematzen denik. NBEk ez du arrakasta handirik munduko bakeari eusten, baina halako tasuna planetan zehar nola dagoen banatua erakusten du urtero, txosten batean. Funtsean zerrenda bat da, herrialdez herrialde, zein buru eta zein buztan, dohatsuenetik dohakabeenera mailakatua. Berrikitan aurkeztu da azkena, 2024. urteari dagokiona. Ondorioetan denetarik dago, eta txundigarri guti. Ni, bederen, ez naiz harritu hogei herrialde zoriontsuenetatik hamalau europarrak direla jakinda.
Aspaldi dabilkigu kontinente zaharra bizitzeko munduko bazterrik hoberena delakoa. Ezin uka: gainerako herrialdeen aldean, lekutan gaude ongizate mailan, babes sozialean, berdintasunaren aldeko urratsetan edo eskubide eta askatasunen aitortza formal orokorrean.
Xehetasunetan sartuz gero, ordea, ez gabiltza hain eder. Hemen ere, galga ezarri zaie hobekuntza sozialei, desberdinkeria ekonomikoa goraka doa aspalditik, eta estatu eta korporazioak gailentzen zaizkie ia beti askatasun publikoei, osasunari eta justiziari. Etorkinekin kriminalki zeken eta haien sorterriekin harrapari gupidagabe; ekonomiaren eta geoestrategiaren izenean ulerbera eta moldakor, bertze nonbaiteko despota eta hiltzaileen aitzinean. Putin putakumea baita, baina putakume guztiak ez baitira Putin.
Ametsak amets, ez zait hainbertzeko astakeria iruditzen armada europar sendo bat, Estatu Batuen mendekotasun militarretik libratzeko tresna baldin bada
Hori guztia ere bada europar bizimoduaren osagai. Horrek guztiak ere badu ikustekoa gure ongizate eredugarriarekin. Gure zoriontasunarekin. Estatu Batuetako misilek, petrolio errusiarrak eta Asiako manufaktura eta deslokalizazioek egin dute gainerakoa.
Orain, eraikina zutik atxikitzen laguntzen zuten zutabeak arrailtzen hasi zaizkigularik, alarma hotsak nonahi. Aizu, proiektu europarra defendatu behar dugula, baita armak eskuan hartuta ere.
Nik ez dut astekari honetako bertze luma batzuek bezain garbi ea Kremlingo jabeak aski izanen ote duen Ukraina mendean hartuta. Bertzalde, ametsak amets, ez zait hainbertzeko astakeria iruditzen armada europar sendo bat, Estatu Batuen mendekotasun militarretik libratzeko tresna baldin bada. Hala izanagatik ere, hartz errusiarraren arriskuaren mamua inarrosteaz gain, zerbait gehiago eskaini beharko dute gure estatuburuek konbentzitu nahi bagaituzte merezi duela gure bizimoduaren gailentasunaren defentsan halako dirua eta halako kemena inbertitzea.
Baina nork jakin. Datu bat ahantzi zait arestian: hasieran aipatu NBEren txostenaren arabera, Israel da, Luxenburgoren, Kanadaren edo Suitzaren aitzinetik, zortzigarrena munduko herrialde zoriontsuenetan.