Europa berrarmatu. Europa defendatzeko berrindustrializatu. Hori da azkenaldian Europar Batasuneko agintari politikoek sustatu nahi duten agenda, Europako defentsari buruzko Liburu Zuria, Europa BirArmatu eta 2030 Prestasuna planen bidez. Militarismoa sustatzeko aitzakiak dira Ukrainako gerra eta nazioarteko harremanen aldaketa azkarra eta ezegonkorra. Europar industria jasaten ari den erronkaren aurrean, berrarmatzea irtenbide moduan planteatzen ari da. Europar Batzordeko Ekonomia komisarioak aldeko argudio ekonomikoak plazaratu ditu: militarizazioak hazkunde ekonomikoa bultzatu, berrikuntza sustatu eta enplegua sortuko du.
Tokiko gobernuek ere neurri horiek txalotu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, Europako defentsarako proiektua lagundu behar dela azpimarratu du, enpresentzat eta euren azpikontratentzat urrezko aukera baita. Laguntza hori ez da berria, hainbat ikerketak agerian utzi ditu administrazio publikoek emandako dirulaguntzak gerra arloko enpresei, hizkera orwellianoan defentsa industria moduan izendatzen dena.
Helburutzat gerra duen bidearen aurrean, mugimendu antimilitaristak azkar eta irmo salatu du europar berrarmatzea, baita Euskal Herriko industria militarra ere. Mundu akademikotik ere Armagintza industria ez da bide(zko)a manifestua zabaldu dute. Agerikoa da ekonomia-gerra honen aurrean dagoen aurkakotasuna. Hala ere, politikari eta lobbystek bide horren alde on ekonomikoak azpimarratzen dituzte. Hala al da?
Ez dago euskarri teoriko edo enpiriko sendorik gastu militarra erremedio ekonomiko gisa beharrezkoa (edo, are, bereziki eraginkorra) dela pentsatzeko
Keynesianismo militarra da proposamen honen atzean dagoena. Horren arabera, gastu militarrak hazkunde ekonomikoaren pizgarri gisa jardun dezake. Gobernuaren gastu militarrak (mehatxu errealen edo alegiazkoen ondorioz) eskari agregatua bultzatzen du. Horrek ekonomia bultzatzen du, bai era zuzenean (gobernuaren erosketen bidez), bai zeharka (efektu biderkatzailearen bidez). Batzuek argudiatzen dute erabilitako kapitala eta lana mantentzean atzeraldiak edo depresioak saihesten dituela. Hots, koordinaziorik ez duten sistema kapitalistentzat gerra edo gerra-mehatxua ekonomikoki onuragarria da.
Proposamen hau ekonomikoki baliozkoa da? Zerga-pizgarriak eskaria bultzatzen du depresioetan. Zalantzarik gabe, gastu militarra ez da ekonomia suspertzeko modu bakarra (beste gastu batzuek, zerga-murrizketek edo Keynesen animal spirits-ak berreskuratu arte itxaroteak funtziona dezakete).
Esperientzia historikoak zer dio? Alemanian, susperraldia Hitlerren aurretik hasi zen eta pizgarri fiskala ahula izan zen 1937ra arte. Kontsumoa erreprimitu zen; ez zen efektu biderkatzaile handirik aurkitu. AEBetan, Bigarren Mundu Gerrak ez zuen herrialdea berez Depresio Handitik atera, eta gerra horren aurreko benetako motorra inbertsio pribatua izan zen. Gerra Hotzari erreparatzen badiogu, gastu militarra handitu egin zen aldi horretan, baina murriztu egin zen denborarekin, oparotasuna handitu arren. Ez dago harreman sinplerik osasun ekonomikoaren eta gastu militarren artean.
Keynesianismo militarra teoria interesgarria izan daiteke, baina ahula, ekonomia modernoak eta datu historikoek erakutsi dutenez. Ez dago euskarri teoriko edo enpiriko sendorik gastu militarra erremedio ekonomiko gisa beharrezkoa (edo, are, bereziki eraginkorra) dela pentsatzeko. Politika ekonomikoak ez luke gerrak bultzatutako estimuluen mende egon behar. Baina hori da Europako eta Euskal Herriko elite politiko eta ekonomikoen hautua.