argia.eus
INPRIMATU
Meloi saltzailea
Chimamanda
June Fernández 2025eko apirilaren 16a

Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak beste. Ez dute kontuan hartu idazle nigeriar-estatubatuarra ez dela Angela Davis, alegia, haren feminismoa ez dela bereziki iraultzailea ikuspegi antikapitalistatik.

Horrez gain, Euskal Herriko prismatik epaitu dute idazlea “ume bat erosteagatik”, aintzat hartu gabe ordezkapen bidezko ernalketa errotuta eta normalizatuta dagoela Estatu Batuetan, non askatasun indibiduala eta merkatu-askatasuna erlijio diren.

Paradoxikoa iruditzen zait emakume transen “pribilegioei” buruz mintzo zen idazleak egungo bere klase pribilegioa baliatu duela ama izateko, ez utero faltagatik edo antzutasun arazoengatik, baizik eta bere arrakasta profesionala gurasotasunarekin “kontziliatzeko” estrategia gisa. Ume-zaintzaile tropela izango du ere seguruenik, baina ohituagoak gaude ugalketa-lan horren esternalizaziora.

Maite dugu pertsona ospetsuen praktikak epaitzea: kontraesankorra al da idazle feminista batek haurdunaldi subrogatura jotzea? Nire aburuz, interesgarriagoa da momentuko polemika probestea eztabaida sakonago bati heltzeko: Estatu Batuetan jaiotako praktika/negozio hau gurean normalizatzea al da Euskal Herrirako nahi dugun ugalketa eredua?

Barkatuko didazue publizitate pilula: Aingeruak eta neskameak LISIPE bildumako saiakeran lantzen dugu gaia sakonean. Besteak beste, aipatzen dugu erraza dela “alokairuzko sabelak” ordaintzen dituztenei kargu hartzea, Ana Obregón, Miguel Bosé, Kim Kardashian edo Chimamanda Ngozi Adichie direnean. Alabaina, zer gertatzen da intentziozko gurasoak auzoko, lankide, lagun edo senide ditugunean?

Hori izan da irakurleek gehien adierazi didaten kezka: nola egin bateragarri haurdunaldi subrogatuen kontrako kritika irmoa inguruko senideekiko elkarbizitzarekin? Ezin dut erantzuna zutabe batean laburtu, baina uste dut kontuan hartzekoa dela Adichiek ume bat erosi duela esateak lotura zuzena daukala haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako umeei ikaskideek “zure gurasoek erosi zintuzten” bezalakoak esatearekin. Eman diezaiogun buelta bat, Chimamandaren polemika ahazten dugunean.