“Erresilientzia poltsa”, “biziraupen eskuliburua”, “ebakuazio bizkar-zakua”: hara nolakoak entzun daitezkeen agintarien ahotan azken asteetan.
Iragan hilabeteko adierazpenen artean, Europako Batasunak herritarrei eskatu die “bizirauteko kit” bat prestatzea, 72 orduko larrialdi arriskuei aurre egiteko, hiru egunez autosufizientzian bizitzeko gisan, nehoren laguntza edo kontakturik gabe.
Europako Batzordeak halaxe adierazi zuen, iragan martxoaren 26an: “Erresilientzia poltsa deritzona sortzen lagunduko diegu estatu kideei, eta, beraz, herritar guztiak aurre egiteko prest izatea, autonomia estrategikoan egon daitezen, gutxienez 72 orduz”. Halaxe azaldu zuen, eta bizirik irauteko kit hori betetzeko ezinbestekotzat jotzen diren hamar produkturen zerrenda ere proposatu. Geroztik sarean nonahi atzematen dira zerrendak eta tutorialak.
Jada hainbat estatutan oihartzuna izan du ideia horrek. Hala nola, iragan urteaz geroztik, Suediak, Finlandiak edo Poloniak dagoeneko publikatu omen dituzte biziraupen gida horiek eta zabaldu herritarren artean. Frantzian, gobernuak dagoeneko baieztatua zuen martxoaren hastapenean, “eskuliburua” jasoko dutela herritar guztiek uda baino lehen. 30 orrialde inguruko liburuxka izanen da, “Frantzia erresilientzia” deitu liteke, eta beste lurralde zenbaitek egindako ereduetatik egina da. Azken egunetan aipatu denez, Espainiako Estatuak ere antzeko zerbait eginen du?
Leihotik begira, udaberriari so gaudela, konfliktoa iragartzen da, egunero pixka bat ozenago, hainbat lekutan, hainbat etsairengandik
Edozein lurraldetakoa izanik ere eskuliburu-asmoa, ardatz komun zenbait balituzketela dirudi. Hasteko, egoeraren arabera antolatuak lirateke (uholde, lurrikara, sute, argindar mozketa… eta gerla), eta kasu bakoitzean egoeraren arriskuak zerrendatuko lituzkete, baita norbanakoek ukan beharreko jarrera zehaztuko ere (zer egin eta zer ez). Datu deigarria, bestalde, liburuxkek jendeak “biziraupen-kit” bat osatzera gonbida litzakete, “krisiaren aurrean” lasai erreakzionatzeko, larrialdi kasuetan motxilan ukaiteko “funtsezkoak” zerrendatuko lituzkete: ur botila, linterna, irratia, kanpoko bateria, “edozein egoeratan prest egoteko”. Bestalde, Macronek helarazi nahi duen gidan, izanen omen da atal bat “engaiamenduari” buruz: nola parte hartu herria laguntzen, konflikto egoera batean, armadetan, Polizian, suhiltzaileekin…
Bestalde, Macronek azken asteetan hartu erabakietan, gerla-ekonomia berriz piztu du, armaden aurrekontua itsuski emendatuta, eta gerla material ekoizpena handitzea hitzemanda. Gutxi balitz bezala, hori lortzeko, jendeak gonbidatzen ditu aurrezkiak inbertitzera, interes-tasa ezohiko banku-libreta berezian.
Leihotik begira, udaberriari so gaudela, konfliktoa iragartzen da, egunero pixka bat ozenago, hainbat lekutan, hainbat etsairengandik. Batzuen eta besteen jarrerak, beldurra eta kulpabilitatea elikatzen ditu. Idazki honetan bertan, “komatxo" gehiegi daude, zehaztasunik gabeko informazio gehiegi. Aipu horiek denek, aitatxi-amatxien kondairak gogorarazten dizkigute, Historia liburuetan baizik irakurriak ez genituen gauzak irudikarazten. Gerlarako prestatu behar ote da? Ez gaitezen izan ezkor: zaila da sinestea gertatuko denik. Ez gaitezen izan baikorregi, zaila da segur izatea ez denik deus gertatuko. Zaila da, oroz gainetik, irudikatzea, liburuxka bat, self-kontrol handia, ganibeta suitzarra, hiru ur botila, harpe galdu bateko gordelekua, kandelak eta haur denboran scout tailer zenbaitetan ikasitako apurrek salba gaitzaketela.