argia.eus
INPRIMATU
Ekimen txikiek, elkar hartuta, gauza handiak egin ditzakete
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2025eko apirilaren 22a

Obducción de la Amenaza / Zirt Zart (Split-ep)
2024

---------------------------------------------------

Musika panorama erraldoia da, helduezina. Horien artean badira foku guztiak bereganatzen dituzten talde handi gutxi batzuk; horren nahian diharduten beste asko, eta ehunka eta ehunka gerizpean. Zaila da burua ateratzea, nabarmentzea, eta horietako askok, gainera, ez dute agerian gelditzea inola ere nahi. Horien adibide dira orriotara ekarri ditudan bi taldeak, honako EPa erdibana kaleratu dutena: Donostialdeko Zirt Zart taldeak Erresistentzia da etorkizuna izendatu du diskoaren bere aldea, Palestinarekin premiazko elkartasunean; eta Iruñaldeko Obducción de la Amenaza taldeak Violencia estructural aukeratu du bere kantu multzoa izendatzeko.

Anarkopunk eszenan kokatu ahal izango genituzke biak –ñabardurekin, jakina– pentsatzeko eta egiteko moduagatik. Eta horren ildoan, ekimen txikiei duten balioa emanez, zinez asmatu dute lan hau editatzen Euskal Herriko zein nazioarteko zigilu eta banatzaile txiki askorekin elkarlanean.

Ez ditugu izen guztiak azalera ekarriko, baina Zirt Zart osatzen dute, beteranoak izateaz gain, aktibo jarraitzen duten Ezin Izan, Anti Regimen, Malos Tiempos eta bestelakoetako kideek. Lau zartatekotan berpiztu egiten dute antigualeko hardcore-punka, hastapeneko Bap!ek, Eskoria-Tzak edo Ezin Izan-ek egingo lukeen tonalitatean, azkar baina mezua beti ulergarri, eta Dead Kennedys-ek izan zuen eromen egituran dantzan gainera.

Obducción de la Amenaza-n, aldiz, aurkitu ditzakegu hiri buruzagian hamarkadatan lan isila baina emankorra egiten aritutako jendea; eta ahots femenino gazteago batek gidatuta hiru pieza utzi dituzte hemen erregistratuta: pop-a hardcore-punkarekin axolagabeki lotzen duen Violencia estructural izeneko pieza itsaskorra; eta neurri batean epikoak, instrumentalki indartsuagoak eta askeagoak ere badiren beste bi kantu.

EPak hitzak batzen dituen liburuxka dakar, euskarara, ingelesera edota gaztelaniara itzulita. Jakina, kritikoak dira gerrekin, etxebizitza espekulazioarekin, turismoaren gehiegikeriarekin eta gaur egun bizi ditugun beste hainbat arazorekin.