argia.eus
INPRIMATU
Aitonita eta ortologia
Jose Ignazio Ansorena 2025eko apirilaren 16a

Ansorena´tar Joseba Eneko.

Edonori orto zer den galdetuz gero, goizaldea erantzungo, D´Artagnanen mosketero laguna edo ipurtzuloa, agian. Baina orto- aurrizkiak zuzen adierazten du eta maiz erabiltzen dugu: ortodoxia, ortopedia, ortodontzia... Orduan (datorrena garrasika irakurri behar da), ze arraiorengatik ez da ortologia zaintzen? Ortografiari egun ez zaio garrantzi handirik ematen, baina ortologia dagoenik ez zaigu bururatu ere egiten. Ez da dudarik, Ortologia komandoa eratu beharra dago euskal hedabideetan eta eskoletan, hasteko, ekintzak egin ditzan.

(Berriro tonu lasaia) Euskaltzaindiak ahoskera zainduan yeismoa saihesteko aholkua emana du: milla eta ez miya, alegia. Mixa aipatu ere ez, horiek euskal argentinarrak dira eta. Baina nork kasurik egin Euskaltzaindiari? Trafikoan agindutako abiadura gainditzen duenari isuna jartzen zaio. Honetan ere, adimen artifiziala horretara jarriz gero, mailaren ordez maya dioenak jaso litzake WhatsAppenak bezalako dei zaratatxoak, bigarrenean besapean elektrikara eta hirugarrenean isuna. Hiztunak jendarte mailan (ez mayan) zein kokapen duen eta zenbat aldiz errepikatzen, hainbat eta handiagoa. Dirutza bil liteke, eta irakasle jendeari, adibidea besterik ez da, kenduko litzaioke hainbeste greba egiteko gogoa. Zer uste dute?

Behin komandoa sortuta, zigortzen abia gintezke. Morfosintaxian: aitonari 'aitonita' edo musua eskatzeko 'musito' esaten dutenei, kanka kopetan

Badakit, euskaraz gainera, beste hizkuntzetan ere gertatzen ari dela yeismoratze hori: galizieraz, portugesez, frantsesez, katalanez, italieraz… eta magyarreraz ere bai. Eskerrak Hungarian Orban duten agintean eta ordena jarriko duen berehalako batean. Espainian oraindik sinetsita daude euskaldunok berezi egiten ditugula y eta ll. Errealitate triste honetaz konturatzen badira, barregarri geratuko gara. Eta behar-beharrezkoa dugun estatua eta estatusa lortzeko ez da postura egokia. Barre eragitea morroi izateko ongi dago, baina munduan agintari ibiltzeko, beldurra sentiarazi behar da. Hori argitzea falta izan zaio Joseba Zulaikari Aberriaren inpaseak horren ongi aztertzean.

Behin komandoa sortuta, bestelakoak ere zigortzen abia gintezke. Morfosintaxian: aitonari aitonita edo musua eskatzeko musito esaten dutenei, kanka kopetan. Hori egin duenaren errezeloa daukat botatzen ausartzen denari, eskuin oineko kailua zanpatu. Eta semantikan ere bada lanik: Labrit pilotalekua garrantzitsuenen artean dago jaurtitzen duen lotsagabeari, atximurra titi-puntan. Iritsiko dira beste zehapenen zehazpenak.

Eta lexikoa ez ahaztu. Hasi hiztegi jatorra berreskuratzen: berebila, urrutizkiña, izparringia, txadona, irarkola eta axota. Oraingoz. Hurrengoan aitonita ergatiboaz jardungo da. Tabixo.