argia.eus
INPRIMATU
Zer dugu bisexualitatearekin?
Hiruki Larroxa @Hiruki_Larroxa 2025eko apirilaren 09a

Transfeminismoak argia eta konplexutasuna ekarri ditu gorputz, genero eta desirei buruzko eztabaidetara. Hala ere, itzalak ere sortu ditu. Ustezko koherentzia politiko erradikal baten izenean –askotan hegemonia oso zehatz bati lotua–, diskurtso transfeminista batzuek pertsona bisexualekiko bazterketa-logikak erreproduzitzen dituzte. Bai, diskurtso, begirada eta isiltasun deseroso eta bortitzak sortzen dituen bifobia diskretuaz ari gara.

Gezurra badirudi ere, ingurune militante jakin batzuetan, bisexualitatea "queer itunaren" aurkako traiziotzat hartzen da. Areago, "anbiguoegi", "heteroegi" edo "normatiboegi" gisa etiketatzen da, eta bere zilegitasuna ez da aitortzen. Ikuspegi nahiko minoritarioa eta anakronikoa, bide batez; baina botere eta hegemonia politiko eta kulturaleko zenbait espaziotan oso presente dagoena.

Espazio horiek, printzipioz, subjektu politikoaren irekiera defendatzen dute, baina paradoxikoki bollera eta marika subjektua estandarizatu eta gatekeeping politika gauzatzen dute –behar bezain queer kontsideratzen ez diren pertsonak baztertzeko dinamika–.

Gezurra badirudi ere, ingurune militante jakin batzuetan, bisexualitatea "queer itunaren" aurkako traiziotzat hartzen da

Jarrera hori, bidegabea izateaz gain, guztiz kontraesankorra da transfeminismoak defendatu beharko lituzkeen printzipioekin. Alegia, pertsona orok norbere sexualitate plastiko eta desira-askatasunetik erotikoki eta afektiboki harremanak nahierara eraiki ahal izatea. Inongo ideologiari konturik eman gabe eta purutasun politikorik frogatu behar izan gabe.

Feminista transbaztertzaileekiko paralelismoa saihestezina da. Feminismo esentzialista baten izenean trans identitateen ukazioa egiten duten horiek bezalaxe, lubaki transfeministetatik bisexualitateari zilegitasuna kentzen diotenak negazionismoaren antza duen jarreran erortzen ari dira: "Zure esperientzia nire esparru teorikoan sartzen ez bada, ez da baliozkoa. Zure desioak deslekutzen banau, patologizatu edo irrigarri utziko dut".

Queer pertsonok, transfeministok eta erradikalok, ezin dugu plazeraren eta afektuaren mapa arautu. Bestela, gure ahalmen subertsiboa galduko genuke, eta borrokatzen ari garen aparatu diziplinatzailearen antza hartuko genuke.

Bisexualitatea eta desiraren forma hibrido, nahasi edo multiforme guztiak aldarrikatzea ez da mehatxua, konplexutasun sexual eta politikoaren isla baizik. Horregatik da garrantzitsua subjektibotasun politikoaren ortzi-muga marika/bollera dikotomiatik haratago amestea.