argia.eus
INPRIMATU
'Poliorkêtês'
Kerobia, hunkigarristak eta xamurtasunaren aitzakia
Xalba Ramirez @xalbaram 2025eko apirilaren 09a

Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025

--------------------------------------------------------

Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen arteak norbere zilborretatik begiak altxa eta garaiari kantu egiteko. Baina, noski, horrek zer esan nahi du? Kantu guztietan esplizitatu behar dela poliziarekiko gorrotoa, edo lelo anarkosindikalista, komunista eta feministak nahastu behar direla ereserkiak egiteko? A ze asperdura ekarriko lukeen horrek!

Kerobiak, itxura ez badu ere, badu intimitatea beste era batean garatzeko proposamen estetikoa. Gauza txikien apologia hori ez da erreklamo publizitarioa. “Espektakulutik” ihes egin nahi izan dute “oso leuna” den lan bat eskainita, argirik gabe, suziririk gabe, instrumentu txiki askorekin.

Gonbidapen autokritikoak eskaintzen ditu: “Zer du egiaz, transzendentziaz nire iritziak? Zer du egiaz, fartsaz nire istorioak?”. Eta galdera horiek serio hartuz gero, erortzen dira hunkigarristen autolaguntza mezu azukretu eta despolitizatuak.

Hunkigarrista deitu izan zaio emozio positiboen erabilera komertziala egin izan duten euskal taldeei (helburu politikoekin erabili izan dituztenei ere bai). Mr Wonderfull zenaren bertsio euskaldunak dira, gatazkak ukatu eta marketin estrategia zorrotzak eramaten dituztenak aurrera, monolaborantza progre bat garatuz, kontzientziadun kapitalismoa. Haien bizitza Estrella Damn garagardo markaren anuntzio gisa irudikatzen dutenak dira. A, eta euskararen “balio erantsiaz” hitz egiten dutenak, argi utzita, proiektu artistikoaz gain, badagoela enpresa plan bat.

Baina ezin dugu ur zikinarekin batera haur jaio berria leihotik bota. Uste dut badirela “gora bizitza” aldarrikatu eta “zeinen ederra izango den”-aren arteko aldeak. Gauza da nondik eta nora esaten diren. Eta hor garrantzitsua da artistaren eta komunitatearen arteko harremana. Zaleak ez dira kontsumitzaileak. Xabi Bandinik honela hausnartu zuen egun gailentzen ari diren joeren aurrean: “Zalea zaindu behar da: tabarra sartu gabe, neurosirik sortu gabe”. Marketinean, sold out-ean, eta sare sozialen bonbardeoetan su-etenik ez?

Ez nago oso ziur, aurreko lanekin alderatuta, Poliorkêtês diskoa zenbat gustatu zaidan. Baina Kerobia bai gustatzen zaidala. Eta asko. “Nahiago dut hari txiki hori eutsi, xamurtasunaren aitzakiarekin”.