Asfaltoaren azpian, lorea
Testua: Mónica Rodríguez
Ilustrazioak: Rocío Araya
Itzulpena: Itziar Ultzurrun
A fin de cuentos, 2025
--------------------------------------------------------
Liburu honetara hurbiltzen dena harrituta gera daiteke, liburu ilustratua izanik, zenbat testu duen ikusita. Ohituta gaude liburu ilustratuak eta albumak oso testu gutxiko obrak izatera, eta lehen irakurleei (edo irakurri aurreko etapari) zuzenduta egotera.
Oraingo honetan, aldiz, Mónica Rodríguezen istorio bat dugu oinarri, gure hiriko asfaltoaren azpian zer egon zen kontatzen digun istorioa. “Asfaltoaren azpian, lore bat izan zen behin batean. Eta lorearen ondoan, ibar bat.” Horrela ekiten dio idazleak kontakizunari, eta ondoren: “Han, burdinazko farola dagoen tokian, bazen zuhaitz handi bat, baso bat adinakoa, eta baso bat ere bazen”. Horrela, orainetik iraganera eramaten gaitu, gurdian ibiltzen zen saltzaile ibiltariaren familia ezagutzera eta Leon mutikoak bizi dituenak, lorean islatzen ikustera.
Iragana, beste garai bat, mundua ikusteko beste modu bat, ageri dira Rodríguez eta Arayaren artean sortu duten lanean. Testuak asko esaten badu ere, irudiek badute zer konta. Rocío Araya bilbotarrak oraineko paisaia grisetik iraganeko basora, koloreetako mundu bizi eta aldakorrera eramaten gaitu, Leon eta lorearen mundu lasai eta bizira, amaieran berriro asfaltora itzularazteko. Estilo itxuraz sinplean, akuarela trazuen bidez (Asun Balzola gogora ekarri diguna) ilustratzaileak lortzen du egoerak irudikatzea, ikusleari testuak transmitituriko gozotasuna areagotzea.
Liburu eder honetan Leon mutikoa eta lorea ditugu protagonista, beraien arteko harremana, behinolako mundu bat azaltzen digun kontakizuna, eta amaieran, testuak dio asfaltoaren azpian lore bat eta lore horren inguruko mundua izan zela (“Eta lorearen ondoan, ibar bat –egon zen-. Eta ibarrean, baso bat, ibai bat. Eta loreari sekretuak kontatzen zizkion ume bat ere bai. Hementxe bertan, asfaltoaren azpian”). Irudiak, aldiz, hurrengo bi orrietan bestelako mezu irekia adierazten digu, irakurleak interpreta dezan, asfaltozko mundu honetan itxaropenari leiho bat irekita.