Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.
Kasualitatez, Deutsche Grammophonek disko bat argitaratu berri du Ravelen lan enblematikoekin, horien artean Bolero-a, Berlingo Filarmonikaren eskutik, eta Pierre Boulez handiaren zuzendaritzapean, zeinaren jaiotzaren mendeurrena martxoaren 25ean bete den. 1993an Berlingo Jesus Christus Kirche-n egindako grabazioa erreferentzia da. Disko horren bidez, beraz, konpositorea eta zuzendaria omentzen dira.
Lerro hauen bitartez, Boulez, Bigarren Mundu Gerraren ondoren musikaren abangoardian hainbeste eragin izan zuen fenomeno musikala omendu nahi dut.
Musikagile frantsesa musikaren munduan ez ezik, bere garaiko intelektualtasunean ere erreferentetzat har daiteke. Matematikari gisa prestakuntza akademiko batetik abiatuta, musika garaikidearen unibertsoak liluratu zuen Boulez, Olivier Messiaen edo René Leibowitz bezalako irakasleen bitartez.
Hain zuzen ere, bere jakintza matematikoak serialismo integrala deritzona besarkarazi zion. Hau Schönbergen dodekafonismotik bereizten da, seriearen kontzeptua noten altuerari aplikatzeaz gain, soinuaren beste aldagai batzuei ere aplikatzen dielako: erritmoak, dinamikak, atakeak eta abar.
Horrez gain, musika kultu elektronikoaren eta ordenagailu bidezko musikaren aitzindaria izan zen.
Bestalde, IRCAM (Institut de Recherche et Coordination Acoustique/Musique) erakundeko zuzendaria izan zen 1970etik 1992ra. Musika garaikidearen ikerketaz eta garapenaz arduratzen den institutu horrek eragin handia du Europan, eta Boulezek izaera nabarmena eman zion erakunde honi.
1960tik aurrera, bere konposatzeko modua malgutu egin zen, eta aleatoriotasun kontrolatu batera eta tinbre-sentsibilitate zorrotz batera iritsi zen, Debussyren eraginekin. Polyphonie X (1951), Le marteau sans maître (1955), Pli selon Pli (1962) eta Notations (1980) dira bere lanik garrantzitsuenetako batzuk.
Urteurren biak kontuan hartuta, lehen aipatutako Deutscheren grabaketaz gozatzera gonbidatzen zaituztet: Ravel handia, Ziburuko jeinuaren musika hobekien ulertu zuen zuzendari baten gidaritzapean, Pierre Boulez.