Antzokiko argiak piztu dira. Diskretuki, pasabideetan nabil: emanaldi eskolarra hastear dago. Gazteak korrika doaz beraien eserlekuetara, bizi-bizi eta alai. Ateraldiak askapenaren zaporea du, baina askatasun sentsazio hori gaztelaniaz edo frantsesez mintzo da. Goiz honetan, euskara eszenatokian baizik ez da entzungo. Gazteek ez dute kulparik, ardura beraien gain ezartzea gezurka aritzea dela iduri zait ("indar bat egingo balute..."). Galdera da: orain arte zer eskaini zaio gure gazteriari "ixo" zakar bat ez bada? Noiz emango zaio gazteriari ezinbestekoa zaion kultura, eduki sakon eta zabalarekin eta euskaraz? Noiz? Iritzi-askatasuna fartsa bat bilakatu da testuinguru horretan, egitateei buruzko informazioa eta eztabaida debekatuak direlako. Bai, debekua eta ezintasunaren arteko tartea oso estua da.
Akulturatu gara, aisialdiaren mesedetara. Aisialdi industriak eskaintzen dituen ekoizpenek itsutu gaituzte, beste kontsumo objektu guztiek egin duten bezala. Denbora pasatzeko balio digute, zentzurik eta kulturarik gabeko denbora. Mamuak bilakatu gara, denboraren aurkako lasterketa infinitu batean. Eta gure akulturazioa jasateko, gure hutsunea alkoholez eta janariz estaltzen dugu. Amerikar filmetako indiano alkoholikoen antzekoak gara. Gure erritual guztiak ahalik eta gehien edateko topaguneak bilakatu dira. Egoeraz baliatuz, masa-medioen ekoizleek kulturaren eremu osoa odolusten dute, salgarria daitekeen material egokia aurkitzeko xedearekin. Izan ihauteri, antzerki, film, dantza, kantu, San Juan ala Urtezahar. Baina gure kultura ezin denez dagoen bezala saldu, aldatu eta arindu egiten da kontsumitzeko errazagoa izan dadin. Jan, edan eta saldu, turismoaren industriaren iruditeri zoragarria. Hori da apustua.
Hezkuntza lanarekin soilik horrelako gizarte bat "heziagoa" bilakatuko dela sinestea, iruzurra sinistea da. Kontsumoaren gizarteak, ukitzen duen guztiaren hondamena dakarrelako, izan kulturan, ekologian ala hezkuntzan. Kontsumismoak gure komunitatea izozten du.
Gure kultura ezin denez dagoen bezala saldu, aldatu eta arindu egiten da kontsumitzeko errazagoa izan dadin. Jan, edan eta saldu, turismoaren industriaren iruditeri zoragarria
Gaur egun, biztanleriaren erronkak gero eta korapilatsuagoak direnez, oso zaila zaigu begi kliska batez osorik barneratzea zein izan litekeen norbanakoaren edo komunitatearen ardura eta eginkizuna; eta are zailagoa zaigu, haien arteko harreman guztiak atzematea. Ororen buru, ezinduak eta indargabetuak gara kultura eta artea debekatuak zaizkigulako (legez edo baliabidez).
Alta, artearen irudimenarekin, kontzeptu konplexuak bereizmen finez gureganatu ditzakegu. Pentsamenduak errotu, hedatu eta garatzeko, euskalduna euskaldun denetik, bide eraginkor eta indartsuena gure kultura da. Euskal kultura euskal komunitateari mintzo zaion gorputza da. Ez ditu bakarrik gure belarriak goxatzen edo begiak distirarazten; espirituari hitz eginez, ariman eragiten du eta bihotza astintzen. Gure pentsamenduak, ametsak eta mamuak molde berezian antolatzen ditu gure komunitatearen muina mugimenduan jar dadin. Edozein gizarteri ezinbestekoa zaion oldartze gaitasuna elikatzen du.
Ausardia, oldartze gaitasuna, desiraren eta zilegitasunaren ohantzea da. Ez mehatxu gisa baina aldarrikapen gisa, zibilizazio ahalduntze gisa. Desira hori, ezinegon hori, hiperaktiboa da, norberak bere buruari zor dionaren kezkaren marka. Errebantxa hau, ibilbide iniziatiko bat bihurtu da herri aske baten bilaketan. Askotan ahazten badugu ere, hortik gatoz: askapen desiratik. Baina orain, nora (eta nola) joan nahi dugu herri, komunitate eta norbanako bezala?