argia.eus
INPRIMATU
Gizonak frontera, emakumeak zubira
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko apirilaren 02a
Christine Wall historialariak 2015ean aurkitutako argazkietako bat. Argazkia: London National Science and Media Museum
Christine Wall historialariak 2015ean aurkitutako argazkietako bat. Argazkia: London National Science and Media Museum

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall historialariak.

Lehenago, 2005ean, Karen Livesey eta Jo Wiser zinemagileak testigantzak biltzen ahalegindu ziren dokumental batean, bai baitzekiten Tamesis ibaia nabigatzen jarduten zutenek the ladies’ bridge (andereen zubia) deitzen ziotela zubiari. Baina zientzia museo batean ahaztuta zeuden argazki horiek frogatu zuten Bigarren Mundu Gerra betean Dorothy eta beste ehunka emakume aritu zirela Waterloo zubia eraikitzen.

Strand zubia (hori zuen jatorrizko izena) 1809an inauguratu zuten, baina gudu ezagunean lortutako garaipenaren omenez, Waterloo izena ipini zioten 1816an. XIX. mendean zehar, ibaiaren goraldiek egiturari kalte handiak eragin zizkioten. Behin behineko altzairuzko egitura paralelo bat jarri zuten, ondorioz. Eta 1937an, zubi zaharra bota eta Giles Gilbert Scott arkitektoak diseinatutako proiektu berria martxan jartzea erabaki zuten.

Erresistentzia keinu moduan, lanekin nola edo hala aurrera egitea erabaki zuten. Ehunka emakume kontratatu zituzten horretarako, soilik aldi baterako kontratuak eskainita eta, jakina, gizonezkoei baino askoz gutxiago ordainduta

1939an, gerra piztu zenean, zubiko 350 langile –denak gizonezkoak– frontera deitu zituzten eta eraikitze lanak nabarmen mantsotu ziren. 1940an, alemaniarrek hiria bonbardatzen zutela, lanak guztiz etetea ere pentsatu zuten. Baina erresistentzia keinu moduan, lanekin nola edo hala aurrera egitea erabaki zuten. Ehunka emakume kontratatu zituzten horretarako, soilik aldi baterako kontratuak eskainita eta, jakina, gizonezkoei baino askoz gutxiago ordainduta.

Wallen ustez, hainbat arrazoi daude hamarkadetako ahanztura bultzatu zutenak. Batetik, horrelakoetan emakumeek idatzitako egunkari pertsonalak funtsezko iturriak izan ohi dira, baina kasu honetan ez da horrelakorik aurkitu, historialariaren ustez, lanaldi luze nekagarriek ez zietelako idazteko denborarik eta gogorik uzten. Bestetik, zubia eraikitzeaz arduratu zen eraikuntza enpresa likidatu egin zuten, eta prozesuan kontratu eta txosten gehienak galdu ziren.

Baina oinarrian beste arrazoi bat ere badago: emakume haiei merezitako aitortza egiteko asmorik ez zuten sekula izan. 1945ean, zubiaren inaugurazioan, Herbert Morrison barne ministroak hauxe esan zuen. “Waterloo zubia eraiki duten gizonak zorionekoak dira. Badakite, haien izenak ahaztu arren, egindako lana Londresen erabilgarri eta harrotasun iturri izango dela datozen belaundaldietan”. Zorigaiztoko emakumeak ez zituen aipatu ere egin.