Orain dela 20 bat urte, berrikuntzaren inguruan master bat egin nuen. Bertaraturiko gonbidatu batek esan zigun gizakion historian berrikuntza teknologikoaren eragile handiena gerra izan zela. Gerra, halaber, eragile handia da botere harremanen berrikuntzan.
Berrikuntzaz ari garenean, pertzepzio aldaketez ari gara, eta pertzepzio aldaketa horiek dakartzaten jokabide aldaketez. Lan horretan, pertzepzioaren aldaketen lorpenean, eraginkorra da indarkeria. Baina indarkeriaz bultzatzen diren aldaketek biziraupen senarekin dute lotura, ez bizitza on bat izateko eraiki behar diren harreman eta giroarekin. Indarkeriaz bultzaturiko aldaketak zapalkuntzatik eratorritako berrikuntzak dakartza.
Barne-produktu gordinaren %2a gerran ez inbertitzeak kalteak ekarriko dizkiela adierazi die Trumpek NATO osatzen duten herrialdeei. Europa alde batera utzita AEBek Errusiarrekin egindako negoziazioek, Ukrainako gerra tartean, botere geopolitikoen berrikuntzarako palanka eragin dute. Emaitza: ReArm Europe plana. Europaren gerrarekiko kontaketan biraketa erraldoia. Biziraupen senak kolokan jarriko ote ditu bizitza onak eraikitzeko aurrerapenak? Gai izan gaitezke gizakiok belaunaldi bakoitzean gailenduko den garaiko bully taldeen aurrean gure zibilizazioak gerra barik bizitzeko?
Gizarte honen parte izanda, badakit indarkeria dagoela lanetan, familian, kalean... Badakit baita ere gure bizitza onak indarkerian eraikiak izan direla neurri handi batean. Baina badira zenbait ahots eta eragile errealitate hori eraldatzen, eguneroko keinuen bidez, egitasmo txikien bidez, harremanak eta bizimoduak izateko moduen gainean pertzepzioa aldatzen. Nik jarraitzen ditudan asko Europan kokatzen dira. Horri lotuta, azkenaldian ideia bat dut buruan bueltaka: %2 horren benetako helburua ez ote da izango europarren fokua aldatzea? Gizatasunean eta elkarlanean barik, gure denbora eta gaitasunak beldurrean eta banaketan jartzeko? Gerrak forma ugari ditu, eta modu askotan irabazi daiteke.