argia.eus
INPRIMATU
Botere biguna desarmatzen
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2025eko martxoaren 26a

Martxoaren 14an Donald Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen, hainbat berri agentziak jasotzen duten diru kopurua asko murrizteko. Kaltetuetako bat United States Agency for Global Media (USAGM) izan zen eta, ondorioz, Voice of America (VOA), Radio Free Europe/Radio Liberty (RFE/RL), Radio Free Asia, Middle East Broadcasting Networks (MBN) eta Radio Martí. Guztiak AEBen gerra kulturalerako tresnak dira. Martxoaren 15ean VOAko langileek e-posta bat jaso zuten, adierazten zuena beraien lana suspentsioan gelditzen zela. Hedabide hori 1942an jaio zen eta webgunea 48 hizkuntzatan dago.

1949tik RFE/RLk ere hamarnaka hizkuntzatan lan egiten du, eta finantza-kolpeak hilzorian utzi dezakeen arren, oraindik berriak produzitzen jarraitzen du. VOAren eta RFE/RLren emisioak altzairuzko oihalaren beste aldean oso garrantzitsuak izan ziren, “sozialismo errealeko” gobernuek zentsuratzen zituzten berriez informatzeko. Horrela, Europako Ekialdeko herritar askoren artean sinesgarritasuna irabazi zuten,  eta behin konfiantza irabazita, errazagoa zen propaganda Mendebaldar zalea zabaltzea. Orain, aldiz, prentsa askatasun handiagoko testuinguruetan eta Internetek suposatu duen iraultza komunikatiboagatik, beraien funtzioa ez dute ondo betetzen. Horregatik, Trumpek eta Elon Muskek motozerra paseatzera atera dute.

Erabakiak ez dauka garrantzia handiegirik botere bigunaren ikuspegitik. Bestelakoa da otsailean Ameriketako Estatu Batuetako Nazioarteko Garapenerako Agentziari (USAID) emaniko aizkorakada, 1.600 langile kaleratuta, milaka aldi baterako erregulazioan jarrita, eta hiru hilabetez munduan zehar zabaltzen dituen dirulaguntzak izoztuta. Zer egingo dute hainbeste kazetari eta hedabide “independentek” (sic)? Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) GKEak Trumpen neurria deitoratu eta jakinarazi du 2023an USAIDek 6.200 kazetari finantzatu zituela, 707 komunikabide ez estatal eta 279 GKE mediatiko 30 herrialde baino gehiagotan.

Mendebaldeko diruak gizarte zibil ia osoa erosteko ahalmena du. Klase ertain dirudunak bitartekaritza lana egiten du herrialdea kontrolatu nahi duen potentziaren eta herrialdeko politikaren artean

1961ean USAID sortu zenean John F. Kennedyk ondo azaldu zuen zein ziren beraiek helburuak: "Ez dugunez tropa amerikarrik bidali nahi askatasuna erasopean egon litekeen eremu askotara, zuek (USAID) bidaltzen zaituztegu". USAIDek ez du bakarrik lanik egiten, 1983an Ronald Reagan-ek National Endowment for Democracy-ren (NED) sorrera bultzatu zuen, aldez aurretik CIAk egiten zituen funtzio batzuk hartzeko. NEDen aurrekontuak ere Musken aizkorakada sufritu du. Halere, botere bigunaren industrian Mendebaldeko herrialde ia guztiak daude beraien gobernuetako agentziekin, alderdien fundazioekin eta enpresari oligarkekin ere. Helburuen artean dituzte hainbat herrialdetako gobernuak aldatzea edo baldintzatzea, eta politika publikoak gidatzea edo gutxienez baldintzatzea.

Herrialde pobreen kasuan, Mendebaldeko diruak gizarte zibil ia osoa erosteko ahalmena du. Ordaintzen dituen soldatekin eta eskaintzen dituen pribilegiozko konexioekin bere aldeko burgesia erosle antzeko zeozer sortzen du. Klase ertain dirudun horrek bitartekaritza lana egiten du herrialdea kontrolatu nahi duen potentziaren eta herrialdeko politikaren artean.

Ildo horretan, jakin dugu 2024ko Georgiako hauteskundeetako emaitzak deslegitimatzeko kanpainan USAIDek 41,7 milioi dolar xahutu zituela, aldiz, hauteskundeetan parte hartu zuten alderdi guztien gastua 25 milioi dolar inguru izan ziren. USAIDekin batera beste hamarnaka agentziak eta herrialdek parte hartu zuten georgiar gobernuaren kontra; horregatik, USAID ahulduta ere, nekez desagertuko dira horrelako praktikak.