Naomiren etxeko eskailerak igotzen ari dela datorkion usainak egiten dio memorian tiro. "Ez da sen ona, memoriaren eta emozioaren arteko lotura da. Baldintzapen klasikoa", pentsatzen du Peterrek bere golkorako Intermezzo-n, Sally Rooney irlandarraren azken eleberrian. Aita hil berritan maitalearen epelera egiten du ihes, eta haren etxera heldu orduko badaki zer gertatuko den, formula bera errepikatzen baitu orainetik ihes egin nahi duen aldiro. Beste formula batek ez luke haien artekoa sostengatuko.
Kantu forman ager zaitezke, autobus geltoki batean, edo errepide seinale batean, bertatik pasatzen zen-eta zugana joan behar izaten zuen aldiro
Zeu ere batzuetan Peter zara. Batzuetan, orainetik ihesi, elementuren edo pertsonaren batean bilatzen duzu iraganeko oroitzapena berpiztuko dizuna. Berriro biziko ez duzun eta nostalgia ainguratua eragiten dizun hori bera zure hezur haragitan orduan bezala sentitzeko, orduan bezainbeste sentitzeko. Momentu hartara teletransportatzen zaitu. Beste batzuetan, ustekabean, nahi baino maizago, akaso, berriro sekula biziko ez duzun, baina, barruan bizi-bizi duzun oroimen horrek kolpatuko zaitu (iraganeko kontu hori nahiko aparkatuta, geldi, lozorroan zeneukala uste zenuen arren), bai; berriro ere “kantu batek ireki dizu zauria...”. Eta beste batzuetan Naomi izango zara norbaitentzat; elementua baino, atzean dagoen karga. Kantu forman ager zaitezke, bakarra eta errepikaezinena zirudien usain ezagun batean, autobus geltoki batean, edo errepide seinale batean, bertatik pasatzen zen-eta zugana joan behar izaten zuen aldiro. Jakingo balu zeu ere Pavloven txakurra kanpaiarekin nola, lerdea darizula egoten zarela zuen kantuak jotzen duen bakoitzean... “Zuena” deitzen diozu zuk, baina plural inklusiboa zuk asmatu duzu, zurea delako berea baino gehiago. Berak ez daki zuretzat “zuena” dela kantu hori.
Nonbait irakurri nuen Guardia Zibilak Kortatu edo Negu Gorriakekin torturatzen zituela euskal herritarrak, gerora, parrandaren batean kantu horiek entzuten baldin bazituzten, torturek eragin zieten guztia berriro gogorarazteko. Bizi osorako tortura, alegia. Pentsaezina da belaunaldi baten eta garai baten soinu banda izan zena nola izan daitekeen infernurik ilunena berpizteko tresna. Bistakoa da: Pavloven txakurraren izena zein zen ez dakigu, baina badakigu kanpaiak zer botere duen. Baliteke bestearentzat hutsala izatea zuretzat kanpaia den hori, kanpaia zurea delako. Ez da zauri konpartitu bat. Zure kanpaia berarentzat ahots goran abesteko beste kantu bat baino ez da, Kortaturenak bezala.