argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Hirien jana
Ula Iruretagoiena 2025eko martxoaren 19a

2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar bizitako beste krisialdi, gerrate edo izurrite garaietan bezala, hiriko nekazaritzak goraldia du garai hauetan. Baratze-guneak, elikagai freskoak emateaz gain, espazio erlazional-afektibo bezala funtzionatzen du, eta biek osatzen dute aktibitate bakarrean bizirauteko potentziala.

Hiriek betidanik jan dute ingurune gertuko lurraldeetatik. Hiriaren zabalkuntza aukera elikadura sistemaren gaitasunak baldintzatu izan du inkluso. Hiriaren eta janariaren arteko idilioaren apurtzea berria da eta elikadura industrialak egin du posible. Gure eguneroko menuaren elikagaien %90a kilometro askora dauden landetatik garraiatua izatea eta elikagaien %70a nazioarteko enpresa gutxi batzuen eskuetan egotea egoera garaikidearen datuak dira.

Teorian, 2020ko udaberriak markatu du hirien ondorengo plan estrategikoa, eta agenda 21, eko-auzoak, emisio mugatuko zonaldeak, espazio gogorren birnaturalizazioak egin dira. Baina ikuspegi kritikoarekin begiratuta, ez dira inbestitze nahikoak hiri-ereduaren aldaketarako, ekintza isolatuak, oraingoz eskasak eta alor sektorialetatik datozelako. Deskarbonizazioranzko hiriek derrigorrez begiratu beharko diote gertuko lehen sektorearekin duten harremanari eta hirien berdetze programek egituratu beharko dituzte gainontzeko politikak.

2020an egin genuen bezala, goazen utopia posible bat adostera: hiriko inbestitzeak turismora jarri beharrean, agroekologiaren oinarriekin egindako hiri-nekazaritzara begira jar daitezen periurbanoak, industrializazio berdea birdefinitu dadila erregai fosilik gabe ekoizteko, eta aktibitate komunitarioen indarberritzea bultzatuz zaintza lanen eginkizunak bizitzaren parte barneratuak izan daitezela.