Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako Unibertsitatean, zehazkiago, Martinikan. Bere amaren aldetik erro euskaldunak ditu, eta aita Guadalupeko independentziaren aldeko militantea zen. Lozère berezitua da margolaritzaren azterketan, eta bereziki arte kolonialean. Bere ikerketen bidez, saiatzen da Antilletako artistak aitzinera ematen, bereziki XVIII.-XIX. mendekoak eta XX. mende hastapenekoak. Alabaina, garai haietan, Antilletan sortu margolari, zizelkari edo idazleak ere, onak baldin baziren, Parisen egiten baldin bazituzten ikasketak eta metropolian lortzen bazuten arrakasta, frantses gisa aurkeztuak ziren, ukatzen zitzaien haien jatorri antillarra, are gehiago mestizoak baldin baziren, eta oraino gehiago emazteak baldin baziren.
Christelle Lozèren xedea da artista haiek ezagutaraztea, antillar gisa aurkeztuta, eta azaltzea zoin baldintza soziopolitikotan ibili ziren. Gomendatzen dizuet ikerlari horren kapsulak begiratzea, Interneten, Rendez-vous numériques en histoire de l'art des Antilles (Antilletako artearen historiako hitzordu numerikoak) deitzen direnak, adibidez, Jenny Prinssay-ri buruzkoa. Lozère lanean aritu da Clark Art Institute-en, Estatu Batuetan, eta Frantzian Institut National de l'Art erakundean, Villa Vassilieff etxean eta Musée du Quai Branly museoan. Haren tesia, erakusketa kolonialez XIX. mendearen bigarren erdian, Orsay museoak sariztatu zuen.
Ange Soleil gizon biziki karismatikoa zen, seduzitzailea, perbertso nartzisista, hainbat emazte engainatu zituena eta bere emazte martinikarra basaki hil zuena Parisen, 1935ean
Baina beste jiterik ere badu Christelle Lozèrek: hastapenean aipatu bezala, eleberri bat idatzi berri du, eleberri historiko bat, hain zuzen ere, polizia-eleberri formakoa. Egiazko gertakari batean oinarritua da: Ange Soleil gizon biziki karismatikoa zen, seduzitzailea, perbertso nartzisista, hainbat emazte engainatu zituena eta bere emazte martinikarra basaki hil zuena Parisen, 1935ean. Istorio hori, garaian, hedabide guzietan agertu zen, lehen berri gisa, baina arrunt ahantzia da, egun. Liburu horrek kalitate literarioak baditu, segurki, suspensez betea delako, eleberri beltzen giro iluna ongi erakartzen duelako, eta irakurlea harrapatua uzten duelako. Horrez gain, 1930eko hamarkadako Parisko komunitate antillarrean murgiltzen da irakurlea, jazz kabaretetan, Ange Soleilen biktima, Séverine Soleil, dantzaria baitzen holako tokietan. 1935. urtean, preseski, Aimé Césaire-k plazaratu zuen L'étudiant noir aldizkariaren lehen zenbakia. Hori ere aipatua zaigu Lozèren obran, bai eta garaiko giro soziopolitikoa ere: populismoaren igoera, "lanjer beltzaren" beldurra, "Soleil" aferaren instrumentalizazioa (erailketa gertatu zen Frantzian prestatzen ari zirelarik Antillen jabetzaren 300. urteurrenaren ospakizunak).
Christelle Lozère Ange Soleilen auziko jatorrizko dokumentuetan oinarritu da, garaiko prentsan ere bai, eta bere xedea da hiltzaile makiabeliko haren biktimak omentzea, horiei hitza emanez.
Aimé Césairek izendatzen du gaiztagin izugarri hura Cahier d'un retour au pays natal (Sorterrirako itzuleraren koadernoa) liburuan: "Soleil, Ange Soleil, Eguzkiaren Aingeru kuskuilatua, higuinduraren uren igerika berdetsu eta gozotik haratagoko jauziarendako". Jean Genet-ek ere itxuratu zuen Ange Soleilen pertsonaia fantasmatua Notre Dame des Fleurs (Loreen geure dama) obran.
Arrazakeria eta beldurraren aro garaikidean, feminizidioek irauten duten une hauetan, balio du, zinez, eleberri hau irakurtzeak.