Igande gaua. Umearen gelako atea itxi du, ez guztiz. Ordenagailu aurrean esertzeko momentua atzeratu nahi du. Ordu asko aurretik. Zazpietan jaiki da, eta, bihar ere, astelehena, hala jaikiko da. Pentsatu gabe ekiten badio, lortu dezake gauak pisu existentzialik ez izatea. Akats tragiko bat egin du: ordenagailura bidean hozkailutik pasa, eta atea ireki.
Azpiko tiraderaren gardentasun gardenak dio ez dagoela frutarik. Ez zuen erosketarik egin, ezta atzo ere. Umeak ez du besterik gosaltzen: hala ere, ez dago besterik. Ezta komuneko paperik ere. Sukaldekoarekin tuberiak ataskatuko dituzte. Ataskatzen dira komunak garbitzen ez ditugulako? Ia egunero gordetzen du tarte bat horretarako, eta maindireak aldatzeko, itzulpena bukatuta izango duelako, baina azkenean inoiz ez dago, eta ez du garbitzen. Klaseak prestatzeko, artikulua, eta deitu behar dio umearen psikologoari, joan eskolako bilerara, zuzendu jazarpenagatiko protokoloa hasteko gaizki egindako txostena; arropa zintzilikatu, bi lagun gizonek sortutako bi bakardade kudeatu. Bankura joan helbideratutako zera batean kontu korrontea aldatzera. Gurasoak zaindu (umea zain dezaten). Ez gogoratu umeari eskolan...
Hozkailuko atea itxi, “Psikologoarenera joan behar zenuke, munduaren kontra zaudela dirudi”, eta ohera sartu da.