argia.eus
INPRIMATU
Meloi saltzailea
Eskratxe
June Fernández 2025eko martxoaren 12a

Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.

Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk lagunduta. Antzokiko publiko artetik bi ekintzaile antiarrazistek hurrengo hitzak jaurti dizkiote: “Publikoki salatua izan zara emakume bat bortxatzeagatik, sexu langile arrazializatua. Zein erraza den besteen indarkeriaz idaztea zurea ezkutatzen duzun bitartean”.

Protagonistak harridura plantak egin eta erantzun zinikoa bota du: “Ez dakit zertaz defendatu behar naizen”. Jakin badaki 2023ko Bartzelonako M-8ko manifestazioan akusazio berdina jasotzen zuten panfletoak banatu zirela.

Momentu hartan, harreman estua nuen gizon horrekin, eta bere bertsioa eman zidan: Errejónen eta Monederoren defentsen nahasketa tamalgarria. Hitz gakoak: onespena, alkohola, salaketa faltsua, osasun mental arazoak (kasu honetan emakumearenak) eta estortsioa.

Betiko gidoi patriarkala errepikatu du gure aliatuak: karikaturizazioa (emakume zoro eta diruzale baten biktima da gixajoa) eta, bolada batez profil bajuan aritu ondoren, indarrez bueltatzea espazio publikora (baietz Errejónek edo Monederok liburu bat atera laster!).

Onartu behar dut lehenengo eskratxeak atzera egin zidala: akusazio larriegia modu anonimoan egiteko, xehetasunik gabe, gizonaren izen-abizenak eta argazkia erakutsita. Sinetsi nahi nuen “bortxaketa” hitza esajerazioa zela (hara, neronek ere karikaturizatu nuen biktima). Emakumearen testigantza entzun behar izan dut argi izateko eskratxea ez dela ekintza punitibista, baizik eta inpunitatearen kontrako erantzuna.

Aurreko astean, Maider Galardi kazetari feministak hurrengoa esan zuen 11 entzuteko saioan: “Foku handia jartzen ari da ea zilegi den anonimoki halako salaketak publikoan egitea, baina uste dut buelta eman behar diogula, eta kontua dela gure ahotsa zilegiztatzen al den berez zilegiztatu behar liratekeen tokietan: kalean, familian, lagunartean, baita komisarietan ere”.

Pentsa zer nolako aukerak eta zilegitasuna jasoko dituen sexu langile arrazializatu batek, erasotzailea gutariko bat izanda. Finean, hori ere bada auzi antifaxista.