argia.eus
INPRIMATU
Elle-aren biya
Malores Etxeberria 2025eko martxoaren 12a
MAIDER LETURIAGA

Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya. Usu entzuten diegu hedabide nagusietako esatariei konponbide bat “zaya” dela, halako ekipo “mayaz” jaitsi dela... eta jada horrek anekdota baino zerbait gehiago dirudi.

Izango dira gure artean ere gaia aztertu dutenak, baina niri pista interesgarria herrialde katalanetatik iritsi zait, Julià Guillamon idazleak El habla bleda (libreki, Hizkera txolina) izeneko artikuluan. Hariari tiraka, 2023an Vilaweb-ek Gabriel Bibiloni-ri egindako elkarrizketa topatu dut. Hizkuntzalaria da, Balear Uharteetako Unibertsitateko irakasle izana, orain erretretan, eta El parlar bleda, una análisi de l`esfondrament de la fonética (Parlar bleda, fonetika endekatze baten analisia) izeneko liburua idatzia du, katalanaren fonetikan zer nolako galerak gertatzen ari diren aztertzen dituena. Mallorcan egindako lan mardul baten emaitzak jasotzen ditu, labur bezain zorrotz landuta.

Katalana gaztelaniaren fonetikarekin mintzatzeko moldeari esaten diote bleda hitz egitea. 1960-70eko hamarkadetan abiatutako prozesu horren ezaugarri nagusietako bat da katalanez (euskaraz ere bai) garrantzitsua den ll hotsa y hotsarekin ordezkatzea (yeismoa deitua).

Usu entzuten diegu hedabide nagusietako esatariei konponbide bat 'zaya' dela, halako ekipo 'mayaz' jaitsi dela... eta jada horrek anekdota baino zerbait gehiago dirudi

Bibilonik dio hirietako (Bartzelona, Valentzia, Palma…) klase sozial altuko emakumeen joera batetik abiatu zela ordezkapen prozesua. “Finago” hitz egin nahi zuten gaztelaniaz, katalan azentua ezkutatuz. Imitazioz, lagunarteak eta eskolak orokortu dute. Gaztelaniaz katalan azentuarekin hitz egiten zuten haurrei burla egiten zitzaien beren hizkera “de poble” zelakoan (gurean “cashero”). Bibilonik dio katalan hiztun askoren nahia izan dela gaztelaniaz katalan azenturik gabe hitz egitea eta, behin hori lortuta, denbora kontua besterik ez dela katalanez ere gaztelaniaren fonetikarekin hitz egitea. Eta horixe da gertatu dena. Gaur egun gurasoak ez dira gai elle hori ahoskatu eta haurrei transmititzeko, hedabideetako esatari gehienak eta maisu-maistrak ere ez… nola ikasi haur batek berez ere ahoskatzeko erraza ez den hots hori?

Hizkuntzak biziak dira eta etengabeko eboluzioan daude, elkarren ondoan dauden hizkuntzen arteko interferentziak normalak direla dio Bibilonik, betiere berdintasun egoeran gertatzen badira. Baina hizkuntza bat nagusi denean, hura delako gehien erabiltzen dena eta presentzia handiena duena, interferentziak beti norabide berean gertatzen dira, hizkuntza nagusitik menpekora, eta hori ez da eboluzioa, subordinazio politiko-soziologikoaren ondorioa baizik. Eta joera hori zuzendu ezean, menpeko hizkuntzaren fonetika erabat ordezkatua izan daiteke. Zehaztasun gehiagora ekarrita, komunitate batean %50etik gora baldin badira ama-hizkuntza eta hizkuntza nagusitzat gaztelania dutenak, nahiz eta gehienek jakin katalana, erabateko ordezkapen fonetikoa gerta daiteke, Bibiloniren esanetan.

Burla eta lotsa kontuetara itzulita, nork bere azentua edukitzea munduko gauzarik normalena da: ingelesa ikasi duen katalan edo gaztelania hiztun batek ez du bere azentua galtzen, ezta katalana ikasi duen gaztelania hiztun batek ere. Zergatik lotsatu, orduan, gaztelaniaz ikasi eta katalan azentuarekin mintzatzen dena?

Zuzentzeko aukerez galdetuta, lan nekeza dela aitortzen du Bibilonik, esfortzu handia eskatzen duelako, baina egin beharrekoa, batez ere eredua ezartzen dutenen aldetik: hedabideetako esatariak, irakasleak, etab. Vilawebeko artikuluko lotura batean elle-a ahoskatzen ikasteko aholkuak eta metodoa ematen dira.