Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele Sarriugartek.
Jatorri poloniarreko judu familia batean jaio zen Chantal Akerman (Brusela, 1950 – Paris, 2015). Bere senide ugari Auschwitzera bidali zituzten kontzentrazio esparrura; ama bakarrik salbatu zen. Ingurugiro malkartsu horretan hazi eta hezi zen Akerman, Belgikan, eta goiz ekin zion pasio zuen zinemagintzari. Arlo horretako ikasketak egin bai, baina lehen unetik ezinegonak praktikan ipintzekoa zen gehiago; film labur asko egin zituen. Zinema independentean murgildu zen, pelikula esperimentalak egiten, eta 25 urte baino ez zituela Jeanne Dielman argitaratu zuen, sona berezia emango zion obra. Zinemaren historian, "feminismoaren lehen maisulan” gisa izendatu zuten hainbatek. Film horrek etxeko langile baten egunerokoa kontatzen du, zeinak bere burua prostituitzera behartuta ikusten duen bere semearekin bizi ahal izateko.
Film gehiago egin zituen gerora, baina estiloz nabarmen aldatuta. Azpimarratu ohi da bere pelikulak eguneroko bizitzaren hausnarketa direla, baina sekula ez forma berean eginak, ezta gogoeta berak ere. Identitate femeninoa eta sexualitatea landu izan ditu, baina berak bazioen ez zela “zinegile feminista”, baizik eta “Chantal Akermanen estiloko pelikulak” egiten zituela. Berak esaten zuen: “Ez dut berriz Jeanne Dielman egingo”. Eta agian hainbesteko sonarik ez, baina ondoren egin zituen pelikulek inpaktua eragin zuten garaiko gizartean.
Golden Eighties pelikula argitsua, zentzu ugaritan
Tabakalerako zikloan Akermanen filmografiaren inguruko hiru egun antolatu dituzte: urtarrilaren 16an, Itxaro Bordak Jeanne Dielman aurkeztu zuen; otsailaren 6an, Karmele Jaiok Golden Eighties; eta martxoaren 6an, azkenik, Danele Sarriugartek News from Home. Bigarren saioan egon gara, Golden Eighties-en.
“Interesgarria egiten zitzaidan Jeanne Dielman-etik haragoko Akerman bat ikustea; Golden Eighties musikal bat da”, adierazi du Karmele Jaiok. 1986an ikusi zuen argia pelikulak. Akermanen lehen proiekzio handia izan zen. Castinga egitetik argitaratzera hiru urte pasa ziren, denbora behar izan baitzuen finantzazioa lortzeko, den-dena estudio baten barnean baitago grabatuta.
Zentro komertzial batean gertatzen da pelikula, ile apaindegi eta arropa denda baten artean, eta triangelua osatzen du taberna batek. Den-dena da barruan, pelikulako azken eszena salbu. Bi kontu ikusten dizkio horri Jaiok: “Bata da maitasuna, kontsumoaren gizartearekin lotuta, ez da kasualitatea zentro komertziala izatea erdigunea; eta bestea rolak eta estereotipoak, espazio itxiak eta errepikakorrak”.
Izan ere, Jaiok azaldu duenez, Akermanen filmografian ezin hobeto erakusten dira emakumeen kaiolak, espazio itxiak eta askatasun faltaren sentsazioa. Erraietatik datorkiolako, nagusiki: “Berak zioen kartzela oso presente dagoela bere obran, aintzat hartu behar baita bere familia kontzentrazio zelaietatik pasatu zela. Espazio itxiak oso presente ditu hortaz, eta pelikula honetan ere bai. Bere amak, gainera, denda bat izan zuen zentro komertzial batean”.
Kontraste handia dago, ordea, formaren eta edukiaren artean. “Txikle formako pelikula" gisa definitu du Jaiok, bereziki koloretsua eta itxuraz alaia delako, bere amodio eta desamodio kontuak kontu. Sakoneko edukia da, ordea, kritika soziala. Kaiolaren errepresentazioa ikusten da pelikulan: “Klixeak eta estereotipoak etengabe ageri dira; besteak beste, emakumeak txutxu-mutxuka ageri dira, sailkatzen dira ezkondu nahi duten eta ez duten emakumeak, gizon diruduna eta bere atzetik dabilena...”.
Emakumearen kaiolaren irudikapen hori ere ikus daiteke gaur egungo ekoizpenetan, hala nola Euskal Herriko zine aretoak aste ugariz hartu dituen The Substance filmean. Pelikula koloretsua da hori ere, Jaiok aipatzen duen “txikle” forma ere izan dezakeena, eta emakumearen begiradatik lantzen da fondoko gaia. Bistakoa da lehen ordu laurdenean kamerari nola begiratzen dioten gizonezko aktoreek, ikusleria ipinita emakume protagonistaren begietan.
Akermanen lanera itzulita. “Baten batek esango du: Golden Eighties-en egiten duena, hori da zine feminista?”, galdegin du Jaiok, eta berehala erantzun: “Bada, bai. Berak egiten duena da erakutsi nola ikusten duen gizarteak emakumea, eta nola gizona, eta errepresentazio hori begien aurrean uzten digu”. Detaileak ere bitxiak dira, filmean aurrera egin ahala ikusten baitira hainbat keinu, emakumeak bere autonomiari egiten dizkionak, emakumeen arteko adiskidetasunari eta abar. “Ironia eta burla asko dago; maitasun erromantikoari egiten dizkio erreferentzia ugari”, esan du Jaiok. Esaterako, aipagarria da ile apaindegiko langileek nola garbitzen dieten burua bezero emakumeei. “Ematen du buruan sartuta daukatena atera nahi dietela, maitasun erromantikoaren enpatxu hori”, dio Jaiok.
Soinu aldetik, bestalde, nabarmentzekoa da zapaten soinuak etengabe entzuten direla, etengabeko mugimendua dagoela filmean, irudi aldetik argitsua dela... baina kamera mugitu gabe, gorputzak mugitzen dira. “Maitasunaren izaera soziala nabarmentzen da horrela”, Jaioren ustean.