argia.eus
INPRIMATU
Boteretsuegia emakumea izateko
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko martxoaren 12a

Hertfordshire (Ingalaterra), 1543. Henrike VIII.a erregearen eta Ana Bolenaren alaba Elisabet hil omen zen Hatfield jauregian, 10 urte besterik ez zituela, sukarrak jota hainbat aste eman ondoren. Kat Ashley eta Thomas Parry zaintzaileek, izututa, irtenbide bitxia topatu omen zuten: adin beretsuko neskato bat bilatu zuten erregearen alaba ordezkatzeko. Baina ez omen zuten neskato egokirik topatu eta Neville izeneko herriko mutiko bat, Elisabeten ikaskide eta laguna, erabili omen zuten engainurako. Inor ez omen zen iruzurraz konturatu eta mutiko hura Ingalaterrako erregina izan zen 44 urte eta 127 egunez.

Teoria XIX. mendearen erdialdean sortu zen, ustez tudortarren jantziak zeramatzan haur baten hilobia topatu zutenean. Bram Stoker idazle irlandarrak hauspotu zuen urte batzuk geroago trukearen teoria, eta 2013an, Steve Berry historialari estatubatuarrak konspirazioaren berri xehe-xehe jaso zuen The King’s Deception lanean. Espainiar historiografiak ere zalantzan jarri du Elisabet I.arekin zerikusia duen oro, Armada Garaitezinaren porrota emakume baten meritua izan zela onartzea kostata.

Baina teoria horrek ez du inolako oinarririk. Batetik, inork gutxik espero zuen Elisabet erregina izatea. Ustezko heriotza gertatu zenean Elisabet sasikotzat zuten oraindik, eta printzesa titulua ukatuta zeukan. Urte berean Henrikeren azken emazte Katalina Parrek Elisabet gortera hurbiltzea erabaki zuen, heziketa berezia ematea, eta orduantxe berreskuratuko zituen printzesa titulua eta tronuaren oinordetza eskubideak, jakina, Eduardo anaia txikiaren eta Maria ahizpa nagusiaren ondoren.

Elisabetek ez zituen egin erregina batengandik espero zirenak: ez zen ezkondu eta ez zuen haurrik izan. Eta erregina batengandik espero ez zena egin zuen: erregea balitz bezala agindu –errege gehienek baino modu eragingarriagoan, gainera–. Trukearen istorio harrigarria sinesgarriagoa izan da askorentzat, Elisabet emakumea zela onartzea baino

Bestetik, bere bizitzan zehar etengabe ikusi zuten biluzik Elisabet; pertsona askok lagundu behar zioten egunero jazten eta erazten; gainera, erreginaren ugalkortasuna estatu-afera zen eta medikuek etengabe egiten zizkioten azterketak. Baina zenbaitentzat ez da nahikoa, eta 1603an hil zenean autopsiarik egin ez izanari heltzen diote.

Elisabetek ez zituen egin erregina batengandik espero zirenak: ez zen ezkondu eta ez zuen haurrik izan. Eta erregina batengandik espero ez zena egin zuen: erregea balitz bezala agindu –errege gehienek baino modu eragingarriagoan, gainera–. Trukearen istorio harrigarria sinesgarriagoa izan da askorentzat, Elisabet emakumea zela onartzea baino.

Berriki, History Extra BBCren historia aldizkaria izan da konspirazio teoriaren berri xehe eman duena. Eta, azkenean, Tracy Borman historialariak kategorikoki azaldu du inolako zentzurik ez daukala.  Baina oraindik ere gorpua exhumatzeko beharra ikusten duenik bada –Steve Berry idazlea horien artean–, bost mende geroago, garaiko munduko potentzia nagusiko agintari gorena emakumea izan zitekeela sinistu ezinik.