argia.eus
INPRIMATU
Trumpek miresten badu...
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko martxoaren 05
William McKinley, AEBetako 25. presidentea. Argazkia: AEBetako kongresuko liburutegia
William McKinley, AEBetako 25. presidentea. Argazkia: AEBetako kongresuko liburutegia

AEB, 1900eko azaroaren 6a. William McKinley (1843-1901) bigarrenez aukeratu zuten AEBetako presidente. Berriki, Donald Trump ere bigarrenez presidente aukeratu ondoren, McKinleyrekiko miresmen garbia agertu du.

Horregatik, AEBetako mendirik altuenari ofizialki berriro presidente ohiaren izena jartzea erabaki du Trumpek. Obama administrazioak 2015ean ofizialdu zuen Alaskako gailurraren izena: Denali esaten zioten aspaldi bertakoek. Baina orain berriro McKinley Mendia du izena. Mexikoko Golkoari ere izena aldatuta, toponimia horrela aldatzeak eragiten dituen arazo praktiko eta etikoei muzin egin die.

McKinley beste modu batzuetara ere omendu nahi du Trumpek: haren urratsei jarraituta. McKinleyri “protekzionismoaren Napoleon” esaten omen zioten inportazioei muga-zerga zorrotzak jartzea bultzatu zuelako

Baina McKinley beste modu batzuetara ere omendu nahi du Trumpek: haren urratsei jarraituta. McKinleyri “protekzionismoaren Napoleon” esaten omen zioten inportazioei muga-zerga zorrotzak jartzea bultzatu zuelako, eta horrek oparotasuna ekarri zion herrialdeari, Trumpen ustez. Baina Trumpek esaten ez duena da neurri horiek ez zirela denen gustuko izan, eta nekazariek gogor kritikatu zutela bere garaian enpresa handien mesedetan eta euren kaltetan jokatu izana. Gainera, McKinleyk nagusiki Ohioko kongresista zela bultzatu zituen neurri horiek; presidentetzan jarrera aldatu zuen, “merkataritza gatazkak ez dira errentagarriak” esan eta negoziazioaren bidea hobetsi zuen.

McKinleyren espantsionismoa ere goraipatzen du Trumpek. Bere agintaldian Hawaii anexionatu zuen lehenak –uharteak “amerikartu” eta itsas basea bertan jartzeko asmoz–, eta bigarrenak Groenlandia erosi nahi du. Panamako kanala berriro AEBena izateko nahia agertu du Trumpek, eta McKinleyk, Espainiaren aurkako gerra medio, Filipinak, Puerto Rico eta Guam irla lortu zituen. Baina McKinley, printzipioz, Espainiaren aurkako gerra saihesten saiatu zen; William Hearst prentsa magnateak eta beste batzuek hauspotu zuten iritzi publikoa gerraren alde. Eta garaipena lortuta, Filipinak anexionatzeko erabakia hartzeko modu bitxia izan zuen: gau batez Jainkoak berak aholkatu omen zion. Jainkoaren aholkuaren eraginez, Filipinen aurkako gerrak hiru urte iraun zuen eta 200.000-250.000 filipinarren heriotza eragin zuen.

Bigarrenez hautatua izan eta hilabete batzuetara, 1901eko irailean, McKinley presidentea tiroz hil zuen Leon Czolgosz anarkistak. Ez dakigu horretan ere Trumpek McKinleyren bide berdina hartu nahi ote duen.