Desgaitasun fisikoa duen arkitekto baten alabaren etxea bisitatu ondoren idazten dut honako hau.
Desgaitasun fisikoa duten pertsonen taldeek ez dute arkitektoa maite, beraien bizitza zailtzen duen gaizkile bat kontsideratzen baitute. Gorrotoa ulerkorra da: arkitektoaren lanak sortzen ditu gurpil aulkiarekin bidea zailtzen duten koskak, desnibelen ezintasun egoerak axola gabe. Bestaldean, arkitektoen bulegoetan, irisgarritasun unibertsala babesten duen araudia madarikatzen dute paisaia bat birrinduta gelditzen denean gehiegizko arrapala eta baranda artefaktu baten kokapenarekin. Desgai fisikoen eskubide aldarrikapena espazio oro irisgarri egitea da, lekuko baldintzek diskriminaziorik eragin gabe. Ez da erraza datorrena idaztea, baina segur aski gaizki-ulertzea zerak eragiten du: gorputzen gaitasun desberdinak aintzat hartu behar diren bezala, tokien ezaugarri desberdinak ere kontuan hartu behar dira, eta batez ere, desgaitasunari buelta eman eta gaitasun espazial gisa kontsideratu behar dira.
Desberdin direnentzako espazio desberdinak (eta askotan, ezberdinduak) egitea baino interesgarriagoa iruditzen zait espazio erakargarriak egitea ezaugarri bereziekin. Adibidez, komun egokitu bat handiegia dela iruditu beharrean, desgaitasun fisikoaren neurri zabala interesgarritzat har daiteke, handitasuna izan dadin egoteko espazio bat eta komun-egongela kontzeptua sortzeko.
Desberdin direnentzako espazioetan ortopedia itxurak agintzen du beti, desgaitasunaren funtzionaltasun beharra diseinuari gailentzen zaionean estetikak lekurik topatuko ez balu bezala. Materialtasuna, koloreak, objektuen neurriak, denak estetika behartu bat osatzen du, eta identifikagarri egiten du desgaitasunaren objektua dela. Ez dakit lagungarria den.
Arkitektoek lan esparru zoragarria dute desgai direnentzako espazioak edertzen, eta horretarako desberdin direnen beharrei erantzun behar zaie ezinbestean, arkitektura espazio desberdinak egiteko abagune gisa ulertuta.