Ez dut beti ulertzen nola aritzen ahal diren lur planeta honetako zati okitu, zuri, gizakoi eta kapitalistako aho zabal mediatikoak, beraiena, hots, gurea, zibilizazioa dela espantuka. Berriak irakurtzen baldin baditugu, alta, aise ohartuko gara, jendetasuna baino, barbaria dela nagusiago hemen gaindi ere. Gainera, ematen du herritar arruntak biolentzia dosia gero eta handiagoak eskatzen dituela, Trump autokrataren ideologia totalitarioaren iturriko eskuineko ur kutsatua hurrupatu lehiaz dabilenean, adibidez. Inozentea eta naifa naiz, horretan arrazoi duzu, irakurle...
Batzuetan, hargatik, Jacques Derrida-ren aspaldiko erran bat dabilkit buruan, zibilizazio “deszibilizatu” honen marmolezko oinarrietan idaztea mereziko lukeena: “Barkamena posible baldin bada, molde berezi batez bederen, barka ezina den horrekin berdin akordatzea komeniko litzateke!”. Nerauk ere, euskaldun gisa, ez dut horretan arras sinesten, baina espantuka nabil barkatzaile handietatik banintz bezala... nire buruari deus barkatzen ez diodan bitartean. Egia da, bakoitzak gure kontradikzioak ditugula eta horiekin bizi behar dugula...