Bidea da helmuga
Kokein
Balaunka, 2024
--------------------------------------------------
Eibarko rock talde beterano hau familia oso desberdinetako lagunek osatu zuten aspaldi eta ia fisurarik gabe hamarkadatan eutsi dio. Izan ditu atsedenak, gorputzak hala eskatu dienean, eta impasse horietan taldekideek izan dituzte bestelako proiektuak, horiek ere oso interesgarriak.
Lagun taldeak ia denbora-pasarako sortutako bandak mende laurdena bete du, eta elkartzea eta musika idatzi eta plazaratzea gustuko dutelako daude, gaur egun, inoiz baino sasoitsuago, motibatuago eta, zergatik ez, gazteago.
Gainera, Kokein bada nolabait Eibarren azken hamarkadetan izan diren taldeen arteko haria; bai behintzat Julio Kageta-ren garaitik gaur egunera artekoa. Horregatik, ez da harritzekoa mende laurdena betetzeko disko berezi honetan, "bizirik" daudela ospatzeko efemeride gogoangarrian, herri bereko hainbat belaunalditako musikariak parte hartzera gonbidatu eta guztiek baiezkoa eman izana.
Hala, proposamena aberatsa bezain originala da. Lanak hamar kantu batzen ditu guztira; bost pieza berri, taldeak interpretatuta; eta beste bost, aipatutako beste musikariek Kokein-en kantutegia berrikusita. Eibarko taldeak beti izan du rocka oinarri, gitarreroa, indartsua eta aldi berean itsaskorra. Baina bere baitan kolore desberdin eta ñabardura asko batu ditu; hala, beti aske izan dira probatzeko eta esperimentatzeko. Hala izan da honakoan ere: Bidean goaz itsaskor eta alaia da jantzi elektronikoarekin. Gauez-ek dauzka, besteak beste, U2ren kadentzia eta Patti Smith-en bizigogoaren hatsa. Garaia da-k urgentziazko rocka, ilunagoa eta QOTSAren eragina batzen ditu. Zure bila, aldiz, erritmo funkyekin dotoretutako pieza dantzagarria da. Eta Zutik kantu itsaskor eta hunkigarria.
Bertsioei dagokienez, xuxurlatu dute Miren Narbaiza, Ander Mujika eta Joseba Baleztenak; Therapy?-ren ingurunera eramanez metal eta rockaren arteko oreka lortu du Eraso!-k; guateketarako moldaketa jostaria egin du Mursegok; goxatu elektronikoa eskaini digu Nakar talde gazteak; eta eibartarra ez, baina Kokein-en ahaide zuzena den Zea Mays-ek ere bere marka utzi du.