Zuloa
Merina gris
Sonido Muchacho, 2025
-------------------------------------------------------
Euskal Herrian ez da orain arte horrelako musika elektronikorik egin. Esango nuke Merina Grisek historian euskaraz egin den elektronika eta hyperpop diskorik landuena egin duela. Ez hori bakarrik, Zerua Orain lanaren ildo bera jarraitu du, konposaketan jauzia eginez. Estribillo gutxiago, eta narratiba indartu batekin.
Bikote harreman baten osteko dolua du abiapuntu eta helmuga Zuloa-k. Horretarako, doluaren zulo ezberdinetatik pasatzen da, harik eta bukaeran, Anarik jaso zuen ondoriora heltzeko: “Beti zuloaren beldur, eta zuloa irteera zen”.
Irteera kantak, hain zuzen, Pixiesen Where is my mind dakar gogora eta nik Fight Club-eko azken eszena berpizten dut: eraikinak lehertzen eta mundua pikutara bidaltzen, eskutik helduta. Baina, oraingoz, hemen, irteerak indibidualak dira: “Beldurrak bizia salbatu ahal dizu, baina zaude ziur bizitza galduko duzula”.
Titular bat irakurri nuen orain gutxi esaten zuena gaur egun desamodioagatik gehiago sufritzen zela beste garaietan baino, eta dolua heriotzarena baino handiagoa dela. Ez da guztiz arraroa. Heteroarauak izugarrizko lur emankorra du gizarte indibidualista muturreko honetan. Bikotekidearekin proiektua amaituta, amaituta zure esperantzen erdiak, zu zeu zarenaren zati handi bat. Gehituiozu garapen pertsonalaren diskurtso neoliberala eta heldulekurik gabe zaude.
Merina Grisekoekin komentatu nuen aurreko batean, artista asko dabiltzala norbere osatze prozesuak bihurtzen diskoetarako material. Zilegi, eta, askotan, eder izateaz gain, dolua gainditzeko kontakizunez gain, maitasuna bizitzeko kontakizunak garatzearen beharra faltan botatzen dut. Desiragarriak diren munduak eraikitzekoa. Zein da belaunaldi honen egiteko historikoa? Ez al dio, Juana Doloresez gain, artista bakar batek ere galdera hori egin behar bere buruari?
Egun, badirudi ez dagoela elkarrizketa bat ekoizpen artistikoaren artean, ez bada konpetentzia terminotan. Uste dut hor badela zer edo zer: enpresa hizkuntzak jan digu hizkuntza marxista (jar dezakezu hemen zuri hobeto datorkziun beste -ista bat). Musikariok beste modu batean pentsatzen jartzeko unea iritsi dela uste dut; eta batez ere, elkarrekin pentsatzeko, eta batez ere, musikari ez direnekin pentsatzeko.
Merina Grisek ostiko bat jo zuen mahai gainean Zerua Orain-eko pop zakarrarekin, nostalgia irudikatuta belaunaldi galdu baten iruditeria berraktibatuz. Orain, barrura begiratu, eta minaren eta doluaren prozesua norbanakora eraman dute. Hirugarren jauzia behar dugu, sintesia lortzeko, hala nahi izanez gero: belaunaldiaren baitan norbanakoak duen misio historikoaren kontzientzia hartzea.
Irten gaitezen zulotik.