Urruña, 1750eko martxoaren 1a. Herriko hainbat emakumek kaleak hartu zituzten Frantziako Gobernuak ezarritako tabakoaren gaineko zergaren aurka protesta egiteko. Gobernuak matxinada itzaltzeko armada bidaltzea erabaki zuen, zehazki, Arloneko destakamentu bat. Militarrek tiroz erantzun zieten emakumeen protestei eta, ondorioz, lau pertsona hil ziren: Gratianne Suhibar, Marie Dithurbide, Agustina Irigoity eta Jan Lapis. Azken hori, Bixitalako jauna, emakumez jantzita ari omen zen protestan, edo hori zabaldu zuten behintzat bere izena laidotzeko.
Gertakizun honen berri Xose Estevez historialariak jaso zuen Matxinadas en Euskal Herria (Nabarralde) lanean, eta hor nabarmen ikusten da Urruñakoa ez zela kasu isolatua izan.
Euskal gizartea geroz eta polarizatuagoa zegoen, klase sozial ertainik gabe, gehiengo txiroak gora egiteko aukerarik ez zuelako
Espainian eta Frantzian XVIII. mendeko urteak, hau da, Antzinako Erregimenaren azken hatsak, nahasiak eta gatazkatsuak izan ziren. Euskal Herriko egoera egonkorragoa zen itxuraz, besteak beste, tradizio paktista eta kaparetasun unibertsala medio. Baina horren atzean, euskal gizartea geroz eta polarizatuagoa zegoen, klase sozial ertainik gabe, gehiengo txiroak gora egiteko aukerarik ez zuelako. Estevezen esanetan, “egoera estrukturala pil-pilean zegoela, detonatzaile txikiena nahikoa zen matxinadak eztanda egiteko”. Eta piztaile horiek, Urruñan bezala, gabelak izaten ziren maiz, hots, gatzaren, tabakoaren eta bestelako oinarrizko kontsumogaien zeharkako zerga: zerga-biltzaileentzat kobratzen erraza, zergadun pobreei egiten zien kalte nagusiki.
XVIII. mendearen hasieran, Frantziako nahiz Espainiako koroen ahalegin zentralizatzaileak egoerak okerrera egitea eragin zuen. Hegoaldean, 1718an aduanen matxinada piztu zen, Borboiek aduana-sistema erreformatzea erabaki zutenean. Iparraldean, aldiz, bereziki Lapurdiko kostaldean, urtebete lehenago iritsi zen arazoa; Utrechteko Itunaren (1717) ondorioz, Lapurdiko portuek eragina galdu zuten eta inguruko sektore nagusiak, arrantzak, gainbehera egin zuen.
Garai hartako Lapurdiko matxinadetan emakumeek izan zuten protagonismoa arrantzarekin lotzen du Xose Estevezek, gizonak itsasoan zeuden bitartean emakumeak lehorrean geratzen baitziren. Baina barrualdeko zenbait kasutan ere emakumeak izan ziren altxatu zirenak: Gasteizen 1738an edo Hazparnen 1784an.
Baina, Estevezen ustez, ez da ahaztu behar emakumeak ez zirela soilik gatazken protagonista aktiboak izan. Biktima ere izan ziren, Donostian 1813an, esaterako, edo Urruñan, duela 275 urte.