Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista hedatu” nahi izan dituzte.
Zapatua izanik, inportantzia eman diote goizean goizetik emakume langileek plazak hartzeari; ahalik eta jende gehienarengana heltzeko planteamendua egin dutela ziurtatu du Ruizek. “Erakutsi nahi dugu badela indar politiko bat mahai gaineratzen ari dena emakume langileon emantzipazioa, estrategia sozialistaren bitartez. Uste dugu matxismoari eta ideia erreakzionario eta faxistei aurre egiteko aukera bakarra hori dela”.
Itaiako kideek kezkaz hartu dute “oldarraldi erreakzionario eta matxista”. Ruizek bereziki arriskutsutzat jo ditu sare sozialetan barreiatzen diren mezuak: “Mezu misoginoak zabaltzen dituzte, eta erreferentziazko neska eta emakume dirudunek askotan diskurtso arrazista erabiltzeak eragiten du seinalamendu eta bazterketa handiagoa”. Ideia “atzerakoi eta baztertzaile” horiek gizarteko espazio guztietan daudela ohartarazi du, eta emakumeen iruditeri “otzan eta sexualizatua” hedatzen ari dela.
Itaiak faxismoaren aurkako borrokan agente gisa kokatu du bere burua, kontuan hartuta “instituzioei begirako planteamenduen mugak”. Irene Ruizek kritikatu du instituzioak beraiek ere badirela “oldarraldiaren erantzule” eta, beraz, “emakume langileon zapalkuntzaren arduradun”. “Ikusten dugu ezkerreko politikek ekarritako frustrazioaren aurrean eskuina hartzen ari dela alternatiba papera”, eta Itaiak aldarrikatu nahi du eskuinetik kanpo badaudela alternatibak.
“Borroka egin behar dugu eskubide politiko eta ekonomiko horiek bermatzeko, pixkanaka egoera zaurgarrian dauden edo politika egiteko aukera gutxiago dituzten horiek ere integra daitezen”, Irene Ruiz, Itaiako kidea
Feminismoaren aldarria eta borroka instituzionalizatu egin dira, Ruizen hitzetan, “ezker alderdiaren bitartez eta bertatik eratortzen diren politiken bitartez”. Horrek dituen ondorioak azaldu ditu: “Erreforman zentratzen diren politikek mugak dituzte, eta erreforma gauzatzeko gero eta margen txikiagoa dago; ezkerrak ere gobernuan langileen aurkako neurriak hartu ditu”. Ruizek salatu du langile klasearen borroka alde batera utzi dutela, eta erreformaren zentzua “sinbolikoa” dela egun: “Gainazaleko aldaketek ez dute eragin zuzenik emakume langileon bizitzan”. Indarkeria matxistaren adibidea jarri du: “Aterabidea mugatzen da kasuen kudeaketara, prozesu judizialen edo gizarte zerbitzuen bidez. Are gehiago, aterabide poliziala hauspotzen ari dira”.
Zein da Itaiaren proposamena horren aurrean? Instituzioetatik kanpo kalean antolatzera dei egin du antolakundeak, ideia matxista eta faxistei kalean erantzutera, “norabide iraultzailean”. “Jendearekin lan egin behar da, kontzientziazioa landu, askatasun terminoetan ulertuta”. Batik bat garrantzia eman diote emakumeen aurkako jarrerei erantzuteko “espazio zabalak” irekitzeari, salaketatik harago. “Horrek exijitzen du langile klaseko hainbat eragilerekin aliantzak osatzea, baita lan sektore feminizatuetako langileekin, migranteekin...”. Emakume langile horiek guztiek Itaian parte hartzeko espazioa dutela azpimarratu du.
Ordea, Ruizek ohartarazi du emakume langileen lan eta bizi baldintzengatik –zaintza lanak barne–, “politikarako denbora oso murritza” dela. Horregatik, M8 honetan bereziki aldarrikatuko dute borroka sozialistan ere emakume langileek lehen lerroan egon behar dutela: “Borroka egin behar dugu eskubide politiko eta ekonomiko horiek bermatzeko, pixkanaka egoera zaurgarrian dauden edo politika egiteko aukera gutxiago dituzten horiek ere integra daitezen”.
Bilbo 12:30ean Moyua plazatik
Baiona 15:00etan Herriko etxean
Donibane Garazi 15:00etan Jai Alai itzulgunean
Donostia 18:00etan Bulebarretik
Gasteiz 18:30ean Virgen Blancatik
Iruñea 18:30ean San Frantzisko plazatik