argia.eus
INPRIMATU
Hatza ezpainetan
Ane Labaka Mayoz 2025eko otsailaren 26a

Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera joan ohi den itsasargiaren inguruan. Parean ertzain bat –gizonezkoa– ordenagailuko pantailari beha, neskek diotena transkribatzen, leku eta data guztiak zerrendatzen, indiferentzia aurpegiz.

(Hiru urteren ostean, jakinarazpen bat etxeko atean).

Bi neska Bilboko Buenos Aires kaleko seigarrenean. Eraikin handi marroixka bat, espazio ezin arrotzagoa. Ate zenbakituak, togak eta karpetak. Ezezagun zaizkien kodeak –ezin jakin non itxaron behar den, non eseri–. Duela hiru urte salatu zuten tipoa ere zain dago, haiengandik metro gutxira. Ingurura begiratuta, pertsona arrazializatuz beteta dena. Gaztelaniazko mundu bat da, zeina “ni itzultzailea naiz” esanez hurbildu zaien emakumeak arraildu berri duen tarte labur batez.

Handik astebetera, eraikin horretan bertan izango da Mario López Lointek Gernikako entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa. “Harreman platonikoa”. Abusu jarraituak hiru urtez. Gizonak hogeita hamaika; neskak hamahiru. Kanpoan pankarta bat. Eskerrak. Gernikako Sare Feminista: “Epaiak dioena dioela, zurekin gaude!”.

Eraso baten berri izan orduko hasi ohi dira hirugarrenak xehetasun eske. Xehetasun horien arabera erabakitzeko ea benetan erasoa izan ote den ala ez

Eta handik gutxira, Carretero epailea Mouliaá galdekatzen. Publikoki umiliatzen. Eta handik gutxira, Hermoso Rubialesek musu bere baimenik gabe eman ziola defendatzen, enegarrenez. Guztiok geure begiz ikusi ahal izan genuena ere zalantzan jar daitekeelako, nonbait.

Samara Veltek Berria FM podcastean dioenez, eraso matxista bat salatzen denean beti sortzen dira bi erreakzio edo bi narratiba kontrajarri: patriarkala eta feminista. Izan ere, eraso baten berri izan orduko hasi ohi dira hirugarrenak xehetasun eske. Xehetasun horien arabera erabakitzeko ea benetan erasoa izan ote den ala ez. Beti, beti, beti jartzen da sinesgarritasuna auzitan. Bai kalean, bai ertzain-etxean, baita epaitegietan ere.

Horrexegatik garatu dugu mesfidantza kronikoa sistema judizialarekiko. Horrexegatik garamatza isiltasunera andere bendadunak. Horrexegatik sentitzen gara otsoaren ahoan, babesgabe. Horrexegatik egin du gainez Instagrameko Denuncias_euskalherria kontuak. Horrexegatik jarri behar zaio hatza ezpainetan “baina zergatik ez zuen salatu?” galdetzen duen orori. “Zergatik modu anonimoan?”. “Zergatik hain berandu?”.