argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeen aurrean, irabazteko antolatu
Jesús Rodríguez 2025eko otsailaren 12a

Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu gabe, Bartzelonako Udalak antolatutako tranpa juridiko baten bidez. Tranpa horri esker, “herri-kontrolpeko espazio” hori osatzen duten erakundeei jakinarazteko legezko betebeharra saihestu zuten. Albert Batlle udaleko errejidoreak, Jaume Collboni alkatearen taldeko hegal gogorrena denak, 40 urte baino gehiago daramatza kargu publikoan, eta aurreikusi zuen horrela ez zela gatazka agerian jarriko. Ziurtatu zuen “espedientea itxi” besterik ez zela egingo. Battleren ilusioa apurtzeaz arduratu ziren, ordea, ehunka manifestari goizean, gorputzekin eta beldurrik gabe aurre eginez Guardia Urbanoaren eta Mossos d'Esquadraren lerroei –80 urteko batek lesioak jasan zituen borra kolpeen ondorioz–, eta milaka arratsaldean, ordu batzuez Rambletako bake turistikoa hautsiz. Hurrengo egunean errejidoreak eraikinaren fatxada koloretsuaren gainean pintura grisa jarri zuen, errealitatea ukatu nahian. Gazte Antolakunde Sozialistako –espazioko entitateetako bat– bozeramaile batek ohartarazi zuen beren borroka iraupen luzeko lasterketa dela, eraikin bat galdu dutela baina helburua kapitalismo espekulatzailearen aurkako iraultza dela. Energia eta denbora asko dute aurretik Massana Zaharreko gazteek; Batlle jauna naftalina usaintzen hasi da.

Auzotarren determinazioak, Maizterren Sindikatuaren laguntzak eta ehunka pertsona eta eragilek borrokan bat egiteak historiaren bilakaera aldatu dute

Bi egunera, egutegia letra potoloz markatuta zegoen: Bartzelonako Eixample barrutiko Casa Orsola eraikineko bizilagun Josep Torrent etxegabetzeko saiakera. Maizterren Sindikatuak erronkatzat hartu zuen: hiriko etxebizitzarako sarbidearen etorkizuna Calabria kaleko eraikin hartan erabakiko zen. Eta hala izan zen. Lioness Inversiones higiezinen sozietatearekin ez ezik, Kataluniako patronalarekin ere ari ziren eztabaidan. Foment del Treball-ek [Kataluniako patronal nagusia], errentarien eta espekulatzaileen ordezkari gisa, Via Laietana kaleko egoitza handitik, komunikatu batean ohartarazi zuen ekintzaileek borroka irabaziz gero jabetza pribatuaren eskubidea arriskuan egongo zela Bartzelonan.

Duela hiru urtetik jasan dute Torrentek eta eraikineko beste hainbat bizilagunek kanporatze saiakera. Egun dituzten 700 edo 800 euroko alokairu kontratuak 2.500 edo 3.000 eurora pasako lirateke, sasoiko alokairu formatuan, turistei eta enpresa handietako exekutiboei zuzenduta. Irabazi-negozioa, topera. Auzotarren determinazioak, Maizterren Sindikatuaren laguntzak eta ehunka pertsona eta eragilek borrokan bat egiteak historiaren bilakaera aldatu dute. Urtarrilaren 31n epaitegiko segizio batek exekutatu behar zuen etxegabetzea, baina ez ziren atera ere iritsi. 2.000 pertsona baino gehiago zituzten zain espaloietan, eta dozenaka ari ziren oso zail jartzeko prestatzen teilatuan. Bitartean, La Llogatera TVko sei telebista kamerak zuzenean eman zuten erresistentzia, sare sozialen bidez. Goizeko lehen orduan 30.000 pertsona ari ziren jarraitzen pantailen bidez. Etxegabetzea bertan behera geratu zen bideraezina zelako, eta hiru egun geroagoko goizaldeko bostetara atzeratu zuten, baina elur bola martxan zegoen. Argi zegoen hitzordu berrira milaka pertsona joango zirela. PSCk ahal zituen fitxa guztiak mugitu zituen saihesteko beste #EfecteCanVies bat edo Urquinaonako borroka bat. Casa Orsolaren jabeak orain iradoki du eraikina salduko duela, eta dagoeneko garaipenaren usaina sumatzen da aktibismoaren artean. Irabazteko, antolatzeko borondatea erdigunean jarri den egun batzuetako lezioak.