argia.eus
INPRIMATU
Aroztegiaren silogismoa
IƱaki Barcena 2025eko otsailaren 12a

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango Lekaroz herri txikian (289 biztanle, 2022an)  Palacio de Arosteguia SL enpresak (Hilton multinazionalaren atala) makroproiektu urbanistiko bat egin nahi du. 228 txalet, hotel bat 129 gelarekin eta golf zelai bat. Horretarako 45 nekazaritza hektarearen birkalifikazioa lortu zuen eta obrak 2021ean, pandemia garaian, hasteko asmoa zuen. Proiektu horren alde agertu dira UPN, PSN eta Geroa Bai.

Antitesia: baztandar ugari agertu da proiektuaren aurka. Epaitegietan, Udalean, Mankomunitatean eta kalean. Pare bat erreferendumek (Lekarozen 2009an eta Baztanen 2016an) argi utzi dute bertoko herritarren borondatea eta iritzia. Baina 2021eko apirilean obrak hastear zirenean, zuhaitzen mozketak eta hondeamakinen lanak geldiarazteko desobedientzia zibila antolatu  behar izan zuen Aroztak taldeak, ehunka lagun gazteekin batera. Eta obrak bertan behera gelditu ziren.

Euskal ekologismoaren eta beste herri mugimenduen erantzun bateratua inoiz baino beharrezkoagoa da. Aroztegia dugu adibidea

Sintesia: merkatu askatasuna eta estatuaren autoritatea desobeditzen eta errefusatzen direnean… errepresioa eta zigorrak dira botika arrunta. Eta ohikoa da buru batzuk bereiztea ere, kalteak ereduzko moduan ordaintzeko. Enpresak 43 milioi euroko kalte-ordaina exijitzen du eta Nafarroako Auzitegi Gorenak hogei urteko kartzela eta 56.000 euroko isuna eskatzen ditu zazpi auzipetuentzat.

Joan den otsailaren 1ean Iruñean egon ginenok mezu sendo bat jaso genuen: “Ez dira zazpi, herri bat gara”. Eta kalean milaka lagunen giza-gorputz-luze horrek ez zuen duda izpirik ematen: herri baten erantzun sendoa eta zuzena, enpresarentzat eta administrazioarentzat. Aspaldiko partez, ohikoak izan dira euskaldunon erantzun kolektibo anti-errepresiboak, gure aktibisten kontrako erasoen aurrean. Horrek herri bizidun egiten gaitu.

risi ekosozialaren garai gogorrean bizi gara eta estatu kapitalistaren eta merkatuaren kolpeak ez dira baretuko, aldiz, bizitzaren aurkako proiektu zerrenda handitzen ari da euren agenda nekropolitikoan, azken egitasmoak  armagintzan eta energia nuklearrean (Zedarriak txostena).

Euskal ekologismoaren eta beste herri mugimenduen erantzun bateratua inoiz baino beharrezkoagoa da. Aroztegia dugu adibidea.