Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan alkandoren moduan: bolumen piktorikoa topera; eta eskertuko zenukete botoi bat gehiago itxiko balu. Ez du fotokopiagailuan papera jartzen, eta ez da afarietara etortzen: horrela ez dago taldearen giroari eusterik. Agian, neurriak hartu behar dira, ondorioren bat eduki dezan; badakizu ez dagoela horrelakorik aurreikusita, baina zerbait egin behar da. Luze egoten da komunean, ez duzue bere bikotekidea ezagutzen (famatua da, zergatik ez dizue aurkeztu), eta bezeroek zerbait oparitzen badiote, pastak edo bonboiak, etxera eramaten ditu, ez ditu atseden-bulegoan uzten. Normal sartzen da, eta kafea hartzen du, normal. Irribarre egiten du! Lotsagabea. Amorrua ematen dizu, gaur oihu egin diozu, denen aurrean, merezi zuen, inork ez du ezer esan, denak jarri dira nolabait zure atzean. Oihu egiteko arrazoiak ez du zerikusirik egin zuenarekin, zure zerarekin baizik, baina ez da konturatzen zenbat molestatzen duen. Batek zakarrontzira bota dio molestatzen zuen bere karpeta bat… Ea ikasten duen. Gehienetan ez zarete gogoratzen egin zuen horretaz. Batzuk ahaztuta daukate. Baina hori da gutxienekoa, jada.