argia.eus
INPRIMATU
Nortasuna
Laura Penagos Rodríguez 2025eko urtarrilaren 29a

Aurreko egunean, Bilbon, lagun batekin elkartu nintzen Bira tabernan. Tar-tarrean ari ginen oso gustura eta esan nion: “Noski, Giputxia zarenez, kar-kar-kar”. Eta berak nabarmendu zuen ez zela gipuzkoarra. Nik ongi ulertu gabe, jarraitu nuen esaten, “A! ez? Baina Donostian jaio zinen ezta?”. “Bai, han jaio nintzen, baina ni ez naiz gipuzkoarra, ez naiz sentitzen, hobeki esanda, ni Euskal Herrikoa naiz”, erantzun zidan. “Hara! Arrazoia duzu”. Isilik geratu nintzen. Nik bizi-indarra galtzen dut lau haizetara argitzen zein den erabaki dudan nortasuna. Laura Penagos antzezle-sortzaile kolonbiarra eta euskalduna, ufaaa, eta izan ere, pentsatzen ari naiz ez dela derrigorrezkoa azpimarratzea kolonbiarra naizela. Ziurtzat esan nuen, bera Donostian jaiotzeagatik, hangoa sentitzen zela. Ehiztari onenari ihes egiten dio erbiak.

“Ulertzen zaitut –esan nion– ni Kolonbian jaio naiz baina Euskal Herrikoa ere sentitzen naiz, migratzaile ez naiz sentitzen”. Baina oso zaila da etiketa soziala gainetik kentzea. Logika erabiltzen dugun gizakiok pertsonak, animaliak eta gauzak izendatzeko imajinario kolonizatutatik gatoz. Urrutirago joan gabe, urrian, Berria egunkariak Kontseiluak antolatu zituen Ongi etorri euskararen mundura jardunaldien berri eman zuen. Migratu genuen lau emakume egon ginen mahai-inguruan hizketan, partekatzen zein den gure bizipena eta harremana euskararekin. Oso interesgarria izan zen. Biharamunean Berriak egin zuen artikulua horri buruz, eta irakurri nuenean, zur eta lur geratu nintzen. Gure argazkien eta izenen azpian migratzaile hitza agertu zen. Hemen Euskal Herrian egiten dugun lanbidea ez zegoen jarrita, baina migratzaile hitza bai. Mahai-inguruan nirekin egon zen emakume batekin hitz egin nuen eta berak esan zidan migratzaile hitza erabiltzen duela bere burua aldarrikatzeko hemen.

Nik bizi-indarra galtzen dut lau haizetara argitzen zein den erabaki dudan nortasuna

Hona ailegatu baino lehen, Kolonbian inoiz ez nion nire buruari ezer galdetu nortasunaz. Baina bidaia hau hasita, hilabete gutxi pasa ondoren deserrotzeak aldatu zidan nire identitatea. Eta galderak jaio zitzaizkidan. Nor naiz ni? Nor izan nahi dut? Nora iritsi naiz? Hutsuneak itsaslabar existentzial batera bultzatu ninduen, eta poliki-poliki hasi nintzen urpean igeri egiten eta, itsas azalera igo ordez, erabaki nuen ur lasterren sakonean murgildu nahi nuela.

Egun, nortasunaren egitura gero eta konplexuagoa da, badakigu. Eta oso zilegi da birpentsatzea eta gure burua auto-izendatzea. Zer esan, zuek hemen soberan dakizue zer den. Eskertuko niokeen Berriako kazetariari artikulua atera baino lehen galdetu izan balit nola definitzen dudan nire burua, nola sentitzen naizen, azken finean, zein den nire nortasuna. Espainiako Estatuan jaiotzeagatik eta bizitzeagatik ez da “espainola” izan beharrik.