Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022
--------------------------------------------
Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den urdin apur batekin. Deigarria da barnean ageri diren irudiak (edo grabatuak, esan beharko genuke), guztiz iradokitzaileak. Deigarria Martirenaren hizkera, aurreko lanetakoa baino poetikoagoa, sintetikoagoa. “Itsasoa zaintzen du farozainak. / Itsasargia du etxe, / itsasbazterrean, / izkina batean./ Largabistak ditu lepotik zintzilik; / itsaso zatiak, / itsasoaren puska biribilak, / ikusteko jostailu optikoak”.
Hasieran aurkeztu zaigun farozain horren bidez joango gara itsasoa ezagutzen, itsasoaz gozatzen, itsasoarekin jolasten… baina baita sufritzen ere. Itsasoko animalien berri izango dugu (“Kaioek mokoan izaten dute txirula, / edo kriskitinak, / edo tronpeta”) baina baita itsasoa zeharkatu behar duten immigranteena ere (“Farozainak maiz ikusten ditu halako txalupak, / arraunean, / ahul,/ ia hondoratzear, / ezinean,”) eta hauen sufrimenduarena.
Irudiek erakutsi baino iradokitzen dituzten ideiak, norberak egin dezan bere irakurketa; izan ere, horixe baita liburu honen ezaugarrietako bat, irakurleak beste irakurketa egin daitezkeela. Norberak duen ezagutzatik, ikus edo imajina dezakeenetik egin ahalko duelako bere irakurketa.
Martirena-Ibañez bikoteak puri-purian dauden gaiak tratatu dituzte beren lanetan: neska sentitzen den mutilarena, gerran fusilatu zuten maisuarena, ekologia eta gehiegizko urbanismoa hirietan… Oraingoan, berriz, migrazioaren alde mingarria erakutsi nahi izan digute oso modu poetikoan, irudi abstraktuen bidez, eta itsasargitik largabistekin itsas zabala ikusten ari den farozainen begiradatik.
Oso liburu sakona dugu Itsasoa bete urre, irakurketa asko dituena, hitzekin eta irudiekin gozarazten diguna, baina, era berean, gogoetarako artefaktua; migratzaileen sufrimendua erakusten diguna, itsasoko edertasunean hilobia aurkitu dutenen errealitatea. Azken finean, liburu hau ez da behin irakurtzekoa, ez da bakarrik irakurtzekoa, ez da irakurri ondoren hitzik gabe uzten zaituena, edo bai…