argia.eus
INPRIMATU
Yersinia pestis Egipton
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko urtarrilaren 22a

Duela 3.300 urteko egiptoar momia batean Yersinia pestis-en arrastoak topatu berri dituzte, hau da, VI. mendean Justinianoren izurria eta XIV. mendean Izurri Beltza eragin zuen bakterioarenak.

Adituek orain arte uste zuten garai hartan izurria soilik Eurasian hedatu zela, baina aurkikuntza honek ikerketa ildo bat zabaltzen du, Antzinaroan Afrikan ere, Nilo ibaiaren bailaran behintzat,  izurri agerraldiak izan zirela esan nahi baitu.

Hipotesia ez da guztiz berria, Burnaburiash errege babiloniarraren gutun batean eta Tutankhamonen ediktu batean izurriaren aipamenen bat egiten zelako, baina orain, lehenengoz, froga zientifiko batek bermatzen du testu zaharrek jasotakoa.