argia.eus
INPRIMATU
Olaia Inziarte, edo esateko asko duenak asko esaten du (eta eskerrak)
Xalba Ramirez @xalbaram 2025eko urtarrilaren 24a

Zerrautsa
Olaia Inziarte
Panda, 2024

-------------------------------------------

Depresio garaian idatzitako hamalau kanta. Halaxe aurkeztu zuen Olaia Inziartek orain aipatu ezin den euskarazko lehenengo late night-ean. Diskoa irekitzen du Zerrautsa pieza bru-ta-lak. Jazz piano bat eta motozerra bat atzetik. Kendrick Lamarren To Pimp a Butterfly gogoan. Bere izenarekin identifikatzen ez den Olaia ohatzetik ezin jaiki. Antsietatea, arrakastaren ajea, dolua, gaixotasun mentalak, lagunen minak eta ezinak...

Asko, baina asko-asko, du esateko Olaiak pasatakoak pasata: “Ezin dut nire mobida kontatu zerbait izugarria balitz bezala, humanoa den deus ere etzaidalako izugarriegia iruditzen eta, gainera:  erresistentzia gehiegi ditut”.

“Inziarteren kanta guztiak dira sinesgarriak, eta hori da kanta bati eska dakiokeen behinena”, idatzi nuen azken diskoarekin. Hemen, sinesgarriak ez ezik, tripak erretzeko modukoak dira esaldi bat bai eta bestea ere bai. Eskertzekoa da hain gutxi esaten den garaiotan.

Gehiago bilduko nituzke, baina espazioak hau ematen du: “Zenbat zor dut honengatik? Pagatzen nabil. Zure aldarea okupatzeagatik, pagatzen nabil”.  “Urrun sentitzen naiz gizakiek egiten dituzten gauza gehiegirengandik. Iruditzen zait direla izaki pila bat eskapo. Baina nola ez da izanen normala eta zilegi”. “Kazetariak ez dira zure lagunak”. “Okertu egin zait bizkarra aurkezten naizelako beti txikia”. “Garaikidea da egiten duzuna baina ez du iraunen”. “Aurikularrekin mendira, desorekatuak gaude-ta. Pentsatzen zenbateraino den zilegi artearen izenean metaforizatzea dena, dena, dena” —eta nik hemen Chill Mafiari keinua ikusten diot—.

Olaia bere burua sendatzeaz dabil, baina badabil ere sormenak terapia baina pixka bat gehiagorako balio dezakeela aldarrikatzen: “Mintzatuko naiz gero edertasunaz ere, baina haserre hauek okupatu behar dute okupatu beharrekoa”.
Amets Arangurenen audio bat dago erdian, eta ez alferrik: “Ondo legoke jakitea zein materialekin eraiki zenuen garai hartatik hona ekarri zaituen haria”. Indiferentzia, apatia, esperantza edo insistentzia aipatzen ditu. Zeren, “hainbeste zalantzaren artean, tarteka, erantzunak izatea ere komeni da”.

Olaia Inziartek kantatuko du batzuetan bere azken kanta balitz bezala. Baina ez da izango. Asmatuko duelako sendatzen eta sendabidea eskaintzen; eta bere izenarekin berradiskidetzen.