Migranteak
Issa watanabe
1545 argitaletxea, 2024
-------------------------------------------
Ezagutzen ez nuen 1545 argitaletxeak 2024an itzuli eta kaleratu du Issa Watanaberen Migranteak liburua. Animalia talde batek egiten duen migrazio prozesua kontatzen du; eta bidaia horrek duen alde garratzena erakusten digu hasiera hasieratik: heriotzaren gertutasuna. Esperientziak pertsonaia talde horretan eragiten dituen ondorio psikologiko, emozional eta kolektiboak ere erakusten dizkigu: mina, beldurra, ezinegona eta abarrak. Gaur egun Ulisesen sindrome gisa ezagutzen dugun hori oso ondo islatzen du liburuak.
Ama ilustratzailea eta aita poeta duen egile honek bietatik edan duen artista dela argi utzi digu proposamen honekin. Ez dizuet orain arte ezer esan, baina liburua mutua da eta ilustrazioek dute narrazioaren karga osoa. Nola da posible aurreko paragrafoan esandako guztia irudiekin soilik adieraztea? Bada, ez da hori bakarrik: ilustrazioek duten estiloa erabat poetikoa da. Liluragarria, harrigarria, sakona. Hitzik gabe uzten zaituen liburu mutua.
Orrialdeen atzealde beltzarekin asmatu egin du egileak. Landuko duen gaiaren seriotasuna adierazten digu alde batetik. Bestetik, atzealde beltzarekin lan egiteak dituen zailtasunak sumatu ditzakegu, eta, beraz, egileak teknikoki duen abilezia ondorioztatu. Orrialde bakoitzean pertsonaiak antolatzeko duen moduarekin batera orrialdeen konposizioa berezia eta originala da: norantz eta nori begiratu ondo pentsatuta dago.
Kasu batzuetan ezker-eskuin banatu ditu pertsonaiak, oreka eta armonia lagun. Beste batzuetan pertsonaiak alde batean ezarri ditu alboko orrialdea ia osorik beltzean utzita. Belztasun hori eskuinean egon den kasuan migrante taldeak ezezagunari dion beldurra eta mesfidantza ikusiko ditugu. Ezkerrean geratu denean atzean utzitakoak sortu dien samina erakusten digu. Adibide bi jartzearren.
Motza bada ere kontatuko ez dizkizuedan hainbat momentu goren ditu liburuak. Borobila da Migranteak. Baso ilun batean sartzen den migrante taldeak gorriak ikusi eta gero esperantzarako eta itxaropenerako ere lekua aurkitzen duelako. Edo esperantzari eta itxaropenari lekua egiten diotelako.
Imaginatzen zaila da letra artean bizi den honentzat hitzik gabeko liburu batek horrenbeste ñabardura, sentsazio, informazio eta sentimendu adieraz ditzakeenik. Baina hala da, ezbairik gabe. Erantzunak bilatuko ditugu eta galderak aurkituko ditugu behin eta berriz irakurri nahiko dugun liburu honetan.