argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Erosoa
Ula Iruretagoiena 2025eko urtarrilaren 22a

Eroso gaude ingurunea gure egoera fisiko/emozionalera egokitzen denean. Besteak ni kontuan hartu nauenean, izan gizaki bat, objektu bat, espazio bat. Erosotasunaren klabea produktu eta espazio diseinuan beharrizan handi gisa sartu da, erosotzat jotzen dena erosgarria delako portzentaje altu batean. Erosotasunaren beharra askotan kalitatearenak gailentzen badu ere, balantzean irabazten ateratzen da. Eroso, aktibitate bat burutzeko esfortzu gutxi/gutxiago edo lana aurreztea/laguntzea, denbora? energia? irabazteko. Kapitalak badaki zenbat gustatzen zaigun egunerokoa eroso egitea eta horretarako diseinuak pentsatutako eta industrializazioak ekoiztutako gailu eta materialak izango ditugu bidelagun.

Erosoa, batzuetan, erraza eta azkarra izatea esan nahi du. Janariaren diseinuan adibidez. Kaneloiak erosoak dira bandeja batean datozenean eta gure zeregina paketea ireki eta berotzen jarri behar izatea denean. Edo entsalada bat egiteko poltsa ireki eta uhaza garbi eta zurituta datorrenean eta hainbat uhaza motarekin nahasturik datorrenean. Krist batean afaria prest.

Erosotasunaren apologiak espazioaren mantentze eta garbiketa lanak murriztea eskatzen du. Zoruaren akaberan adibidez, gustu zabalduena da egurrezko zorua, eta aukera hedatuena egurraren ordezko egur imitazioa. Partida galdua du egurrak: material noblea izatean (horregatik gustatzen zaigu, ala?) zaindu egin behar da eta denborak eragiten dio. Lana ematen du. Egurraren itxura duen plastikozko zorua berriz, lehen egunean bezala mantenduko da, flist batean garbitzen da, ez du arazorik ematen, erraza da kolokatzen, aukera asko daude, stock-a luzea da, merkea da.

Bidean zer galdu den eta zein ondorio duen gure erosotasun gurak, erosotasunagatik, ez dugu aintzat hartzen. Baina mundu oso bat erosten gaude jangarria den pakete eta egurraren ilusiozko zoruaren hautuetan. Epe labur eta luzeko erosotasunak bat eginda, suzedaneoen aro bat irudikatzen, garapenaren izenean, sofaren alde akaso.