argia.eus
INPRIMATU
Ez gara aire
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2025eko urtarrilaren 22a

Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.

Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna dutela oinarri, eta hala izanen da, baina bada beste zeozer sakonagoa fenomenoan. Pello Reparazek berak esanda, usteaz harago joan da jasotako erantzuna. Ikuskizun batek ez du hori lortzen ez badu estu konektatzen jendearen sentipenekin.

Baina, zeri estekatzen zaio gugan telurikotasun hori? Zeri egiten dio dei?

Herritik Iruñera bizitzera joan nintzenean, lekualdaketak pitzadurak eragin zizkidan. Gauza anitz aldatu ziren, eskola, usantzak eta lagunak, besteak beste, eta galera handi bat pairatu nuen: kontaktua ingurune naturalarekin, atxikimendua lurrarekin. Arbolen, belarraren eta lurraren usainak galdu (azienda-gorotzena ere bai, dena esan behar…) eta hiri-giroko beste batzuk erregistratu behar izan nituen (gasolina, asfalto eta askotariko sukaldeen usain-nahasturak…). Eta autoen eta tailerren zaratek ordeztu zituzten herriko txorrotxio-adausi-marru-karaka-balakak.

Lurrezko izaerak tira egiten digu, telurikotasunak, errealitate ukigarri eta hunkigarrien gogoak, harri bat ordenagailuaren alboan

Hizkuntza-giroan ere mudantza: Zilbetiko gaztelaniak euskararen oihartzun zaharrak zituen gorderik, eta Iruñean berehala hauteman zituzten haiek nire mintzoan. Nire gaztelaniari etiketa jarri zioten ikastetxean: arraro (eta ni isil-lotsati gelditu).

Oraindik senti dezaket orduan bihotza dantzan paratzen zidan bozkario handia Zilbetiko lur hezea zapaltzean edo zuhaitz bat besarkatzean (ez da berria boladan den keinu osasungarri hori). Euforia hark pila-karga baten eran funtzionatzen zuen, helduleku bat zen aitzina egiteko jada arrunta nuen baina oraindik artifizial sentitzen nuen hiriko bizimoduan.

Pandemiaren garaian bezala, non gutako gehienok hartu baikintuen naturarekiko irrikak, guztiz irreala zirudien egoerari aurre egiteko.

Erdibituta bizi gara?

Teknologiak eta aurreramendu digitalek airez aire bultzatzen gaituzte, gu ere aire bilakatuta; eta haiekin pozik-edo egiten dugu aitzin mundu globalizatuan, pitin bat izaki magiko bihurtzen gaituztela.

Baina lurrezko izaerak ere tira egiten digu, telurikotasunak, errealitate ukigarri eta hunkigarrien gogoak, harri bat ordenagailuaren alboan, mintzo zaharrek hizkuntza unibertsalen pare, txorrotxioak eta lohia bitekin eta lurrin artifizialekin lehian. Ez gara aire. Zorionez.