Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi batez sentitzeko "hautatuak" izatearen ohorea geldituko zaigu betiko, gurean eman baitzuen maisu handiak bere ibilbide luzeko azken kontzertu gisa gogoratua izango dena. Azkena izango zela inork ez baitzekien (ezta Benitok berak ere), betiko emanaldi baten modu alaian eskainia eta jasoa izan zen, nostalgia girorik batere gabe. Kontsolamendu txikia, pena infinituaren aringarri.
Zaila da Benitoren garrantziaz modu orokor eta inpertsonalean aritzea, eta horretarako, gainera, aski dira datuak: 60 urteko karrera egin du, etenik gabe eman ditu zuzeneko kontzertuak, protagonista gisa aritu da euskal kantagintzaren hasieratik orain arteko historian, eta jada tradizionalak direla kontsideratzen ditugun hamarnaka kanturen egile da. Inspirazio-iturri izan zaie askotariko sortzaileei, eta horien guztien aitortza jaso du.
Datuen gainetik, baina, gutako bakoitzarengan eragi(te)n dituen emozioak dira Benito handi egi(te)n dutenak, eta horiek ezin dira ez orokortu, ezta arrazoitu ere. Asko dira Benitorekin eta bere kantuekin jendeak kontatzeko dituen gertakari pertsonalak, denak partikularrak eta errepikaezinak, eta horrek erakusten du ongien Benitok duen ahalmen magikoa, ia azaldu ezina dena: hainbeste bihotzengana iristeko gai izatea, hainbesteren erraiak (h)u(n)kitzen asmatzea, hainbeste arima dantzan ezartzen jakitea. Eta hainbeste urtez.
Herri menderatu izatearen kontzientzia Benitok piztu zidan, eta gure mina eta ezina horri lotuta daudela erakutsi
Nik asko zor diot Benitori, hainbeste, non esan dezakedan bera ezagutzea izan dela bizitzan gertatu zaidan gauzarik ederrenetako bat, nire bidea gehien markatu duten pertsonen arteko bat bilakatzeraino. 14 urte baino ez zituen orduko Ane gaztetxoak Gaueko ele ixilen balada entzun eta barnean halako kilika sentitu zuenean, eta oraindik nigan dago ahots sakon eta sarkor horrek sortu zidan inpaktuaren oihartzuna; bizipen askoren iturri izango zitzaidala hasieratik beretik jakin nuen seinale, senez ia.
Mundua deskubritzera ateratzeko nerabe-garaia nuen Benito ezagutu nuenean, eta maisu izan nahi ez zuen maisua topatu nuen beregan, bidea neuk egitearen balioaz hitz egin zidana, edo nire adimenaren agintari bakar neure burua izendatu beharraz. Eta nola ez, askatasunak duen garrantzia beti azpimarratuz, norberarenak ez ezik, gure nazioarenak ere bai. Herri menderatu izatearen kontzientzia Benitok piztu zidan, eta gure mina eta ezina horri lotuta daudela erakutsi. Irudika dezakezue zenbateraino zen gazte batentzat iradokitzailea elkarrizketa horietan ikusarazten zen mundu aberatsa.
Geroztik, nire barne mundurako elikagaia izan da bere musika, kantu horien gerizpean haziz, biziz, eta garatuz. Musika horretan metatu ditut nire bizitza osoko bizipenak, pozak handituz, eta minak sendatuz. Emozioen gordelekua zait, nire une gogoangarriak biltzen dituena, kantu bakoitzak berriz biziarazten dizkidana. Benitoren musika nire bizitzaren atmosfera da, Ane loratu egiten den armonia, nire soinudun etxe afektiboa. Eta zein zorioneko sentitzen naizen tamainako altxorragatik.
Benito, gure emozioen alkimista hori, zenbat gauza on eman diguzun. Nire miresmen osoa, zure handitasunagatik, eta esker ona baino ez, sentiarazi didazun guztiagatik!