Donald Trumpek urtarrilaren 20ean berriro hartuko du AEBetako lehendakari kargua, eta bigarren agintaldia izango du Etxe Zurian. Aurreko agintaldian, 2017-2021ean, lotsa gutxirekin ibili bazen erabakiak hartzeko orduan, agintaldi honetan konplexu urri horiek ezabatuko ditu eta gura duena egingo du, bere gobernuaren osaketak hainbat ondorio irudikatzen baitizkigu.
Uste genuen Trump eta teknologia berrien industria ezkongaitzak zirela, baina hara nondik Elon Musk bera erakarri zuen, duela urte batzuk arte etsaiak izan arren; Muskek hauteskunde kanpainarako dirutzak eman zizkion eta orain fruitu oparoak jasoko ditu. Silicon Valleyko jauntxoak ere Trumpen aurka zeuden, baina garaipena ikusi ondoren, milioika dolar ematea erabaki dute, lehendakari kargua hartzeko ekitaldia borobila izan dadin. Jeff Bezosek ere uste du Trumpekin bere mozkin erraldoiak areagotuko dituela eta lotsarik gabe men egin dio.
Bestalde, Trumpen garaipen argiak AEBen gainbeheraren froga bat gehiago ematen digu, munduko jendarmea izatetik bizkartzain xume izatera heldu baitira. Izan ere, hasi Vietnameko Ho Chi Minheko (orduan Saigon) ihesarekin eta jarraitu Afganistango erretira lotsagarriarekin, bazterrak nahasi besterik ez baititu egin: Irak, Libia… Latinoamerikako hainbat herrialdek ere hortzak erakutsi dizkiote, hala nola Panamak edo Mexikok.
Bere botere ekonomikoa gordetze aldera, batik bat Asiatik datozen inportazioak murrizteko, muga zerga altuak ezartzen ari dira AEBak, barne industria babesteko, bestela bertako lanpostuak kolokan egongo direlako. Baina hori guztiori, hainbat aldiz aldarrikatu duten merkatu librearen doktrinarekin kontrajarrita egongo litzateke, ezerezean geratzen ari baita.
AEBen kasuan, Trumpen politika ekonomikoa kapitalismoaren gaur egungo hedatze nahiari kontrajarrita legoke
Kapitalismoak beharrezkoak zituen estatuak XIX. eta XX. mendeko erdialdera arte, barne estatu-merkatua eta hiritarrak goxatzea beharrezkoak baitzituen. Ondorioz, industria estatala eta ongizatea garatu ziren, kristau-demokrata eta sozialdemokraten gidaritzapean; baina XXI. mendeko ekonomiak estatuak soberan dauzka, oztopo ez badira bilakatu.
AEBen kasuan, Trumpen politika ekonomikoa kapitalismoaren gaur egungo hedatze nahiari kontrajarrita legoke. Alde batetik, Muskek merkatu globalean jokatu gura du bere auto elektrikoak saltzeko, baina, bestetik, muga zergak ezarri nahi ditu txinatarren autoen salmentak AEBetan galgatzeko; industria aeroespaziala ere indartuko du diru publikoa erabiliz. Musken beste eginkizuna, administrazio federala murrizteaz gain, jarduera publikoa esternalizatzea izango da, baina ez du gastu publiko orokorra mehartuko.
Bestetik, Kennedy, txertoen kontrakoa, osasungintzako idazkari gisa izendatu du, eta ez dut uste txertoen ekoizle diren farmazeutiko erraldoiek eta boteretsuek gogoz onartuko dutenik, beraien interesen kontra egongo baita.
Garrantzi handiko beste atal bat etorkinena da. Oro har, AEBetan eskulan merkearen premia dago, etorkinen etorrera galgatzen bada eskulanaren soldatek igotzeko joera hartuko dute, eta ugazabei ere ez zaie komeni, beraien mozkinak murriztuko direlako.
Trumpen beste helburuetako batzuk dira aberatsei zergak jaistea eta gastu mailari eustea, salbu defentsara zuzendutakoa, konplexu militar-industriala profitatze aldera. Hori dela eta, zor publikoarekin finantzatuko du aurrekontu federala. Ondorioz, AEBetako hiritar aberatsenen %1ek Errenta Nazionalaren %20 gaindituko du eta, bitartean, gainontzeko %99ari zati txikiagoa geratuko zaio.