Gabonetan liburu berri bat utzi dute mesanotxean. Etxearen filosofia eta poztasunari buruzkoa, Emanuele Cocciak berriki idatzia. Coccia, filosofo italiarra, ezaguna egin da landareekin ditugun loturak ezagutarazten planeta osasungarri bat eraikitzeko bidean, eta esanguratsua da espazio domestikoari dedikatzea hurrengoa. Filosofia eta arkitektura zeinen lotuak dauden eta zer fama gutxi duten bien arteko elkarkidetzak arkitekturako ikasketetan, harrigarria. Bestalde, filosofian hiriaren gaineko hausnarketak mardulak dira, baina espazio domestikoa ia esploratu gabe dago. Arkitekturan antzera; hiriaren utopietan iruditeria interesgarri eta zabalak sortu dira, baina etxearenak labur gelditzen dira. Aldi berean, etxearen bidez ezberdintzen dugu gizakia salbatia den gainontzekotik.
Filosofoak dio modernitatearen iraultza morala izan dela gure poztasuna egiten dugunarekin eta maite dugunarekin erlazionatzea; lana hirian gauzatzen da eta maitasuna etxean. Eta dio, begirada garaikidean Lurraren habitatean jarri behar dugula foko morala, espazio domestikoaren jarraipen gisa. Etxearen artefaktua, baina, ez da gai espaziala-arkitektonikoa soilik; munduaren txoko intimoenaren eraikuntzan gauzak, animaliak, pertsonak, landareak, atmosferak, ekintzak, iruditeriak, oroimenak daude. Etxearen orden materialean objektuak eta pertsonak modu afektiboan nahasten dira. Identitatearen eraikuntzarekin lotura estua du etxeak, baina indibidualtasun horrek ez omen gaitu besteengandik banatzen, kontrara, gure bizitza besteekin batera korapilatua dagoela erakusten digun teknika material eta psikikoa da. Etxean kontzentraturik diren gauzek zentzu kosmikoa biltzen dute bere materia energetikoan. Eta pentsamendu-puntu honetan argudioa arkitekturaren ulermen euklidianotik aldentzen denez, etxeari gainjartzen zaizkion ukigarriak ez diren zereginak onartuta ere, sentsibilitate baliabideak faltan ditugu etxeetatik planetaren osasunean eragiteko...