Iratzarri ginelarik, kulturalki eta administratiboki, paisaiak hiru abiadurako deserri bat erakusten zuen.
Kulturari dagokionez, hori baieztatzeko –berriro– aukera eduki nuen joan den azaroaren 14an, Ortzaizeko Menta liburu-denda goxoan. Hara bildu ginen Eñaut Etxamendik aurkeztu zuelako Gilentegilo Gilen nobelaren edizio berria (1987ko Irun Hiria Saria).
Jende multzo ederra bildu zen heldu den urtean 90 urte egingo dituen ezterenzubitarraren hitzak entzuteko. Etxamendik aitortu zuen Gilentegiko Gilen “ebaxka”, “hatsa-patsaka” idatzitako liburua dela. Hainbeste egiteko zen… Premiazkoa zen nekazaritzan, politikan, kantuan, irakaskuntzan aritzea, buruan “Amiketarat” [Ameriketara] joatea besterik ez zuen gazteria bat Nafarroa Beherean geldi eta bizi zedin. Literaturan ere bai, noski. Irulegiko Irratiaren web-orrian entzun dudan audiotik transkribatzen ditut haren hitzak, ahalik eta fidelen: “Hemen ziizten gazteak partikularzki, baina ez bakarrik gazteak, edozein adinetakoek, euskaraz dakigun ber, behar dugu entseatu, paperaren gainean ezarri… Nik banakien ez niala irakurle handirik ukanen, ez nian muaienik ikusten, nola ezagutuarazten ahal nitien ene istorioak jendeer; baina baizik ez balitz ere irakurtuko lukeenik, behar dut harendako segitu bururaino… noizbait menturaz baliatuko dik norbaitek euskara bizirik atxikitzeko. Orduan, ene desiorik minena da zuen artean, zuen inguruan, idazleak atera diten. Baitezpadakoa da hori”.
Bakoitzak bere indarrak baizik baliatu ezin dituelako ebidentziatik, Eñaut Etxamendi baikor da; Nafarroa Beherean zerbait mugitzen hasi dela atzematen du
Hiru abiaduratako Euskal Herrian bizi gara, eta horrenbestez, literaturaren aldeko kantu hori arrotz edo aspaldikoa, tokiz kanpokoa, irudi lekioke, menturaz, EAEko idazle gazte bati; hunkigarria suertatu zitzaigun, ordea, joan diren urteetako frantsesaren uholde azkarrak erabat ito ez dituen entzule baxenafartarrei, edo gure lehen motibazioak ahazteko arrazoi sendoegirik ikusten ez dugun Nafarroa Garaikooi. Damurik, “abiadura handiko” Euskal Herriko alerik ez zen izan hitzaldian. Ez eta ondorengo egunetan berria zabaltzen ahal zuen medioren ordezkaririk ere. Nago hiru abiaduren ondorioetako bat ez ote den elkarri bizkar emanda bizitze hau, nik sekula ezagutu handiena, beharbada.
Bakoitzak bere indarrak baizik baliatu ezin dituelako ebidentziatik, Etxamendi baikor da, ordea; Nafarroa Beherean zerbait mugitzen hasi dela atzematen du, literaturan, noski, baita beste hainbat arlotan ere. Handik datorren produkzioari begira, kantitatez eta kalitatez, ez duke arrazoi falta. Euskal literatura, ausart nadin esaten, arrabiatu da Nafarroa Beherean (kontuz, abiadura handiko hori, arrabiatzea eta amorratzea bi gauza dira). Etxamendik esperantzaz betetako hitzekin finitu zuen hitzaldia: “Zauriekilan bizi guztia pasatuta, zorionean ari naiz zahartzen”.